Mamuak uxatzera

Liga hasiera txarra saihestu eta lasaitasuna emango dion garaipena behar du gaur Athleticek

haritz gallastegi
2007ko irailaren 15a
00:00
Entzun


Liga hasiera txarra saihestu eta lasaitasuna emango dion garaipena behar du gaur Athleticek
HARITZ GALLASTEGI

Bilbo

Lehiaketa ongi hastea talde guztientzat da garrantzitsua. Puntuek lasaitasuna ematen dute. Jokalariek konfiantza hartzen dute eta euren jokorik onena erakusteko ezinbestekoa da norberaren gaitasunean sinestea. Athleticeko jokalariek gabezia asko dituzte, baina autoestimua da falta duten ezaugarririk garrantzitsuena. Bi denboraldi daramate sufritzen, gurutze bideari amaierarik aurkitu ezinda. Hirugarren jardunaldia eman beharrean 79. partida dela dirudi. Joan den bi sasoietan jokatu dituztenak eta hasi berri den denboraldian jokatu dituztenak.

Ez da erraza izango egoerari buelta ematea. «Lehen bi jardunaldietako emaitzak normalak dira. Derbian berdintzea eta Bartzelonaren aurka galtzea ez da harritzekoa», adierazi zuen Orbaizek. Ez dauka arrazoi faltarik. Halere, erdilari nafarraren teoria kontuan hartzen badugu, gaur ere ez da albiste onik egongo zuri-gorrien artean. Zaragoza, egun, Athletic baino gehiago da. Askoz ere talde hobea da. Lerro guztietan da nagusi. Beraz, beste atzerapauso bat emateko gertu egon behar dute jokalari nahiz jarraitzaileek.

Baina, zorionez, futbolean ez da beti logika betetzen. Talde apalek ezustekoak ematen dituzte sarri askotan. Victor Fernandezek zuzentzen duen taldeak inork baino hobeto du horren berri. Ligako lehen bi jardunaldietan puntu bat besterik ez du irabazi. Aurkariak, teorian, askoz apalagoak ziren. Halere, Murtziak mendean hartu zuen eta Santanderreko Racingek puntu bat eskuratu zuen Romaredara egin zuen bisitan. Beraz, Orbaizen esanei kasu egin beharko diegu. «Egun ezin da esan aurkari erosorik dagoenik. Ez dut ezagutzen talderik aldez aurretik neurketa irabaziko duela pentsatzen duenik. Partida guztiak oso lehiatuak dira».

Athletic ere ezustekoa ematen ahaleginduko da. Horretarako, bero-bero egongo diren 40.000 lagunen babesa izango du. Larunbatean giro berezia egoten baita Katedralean. Jarraitzaileen babesa ez da nahikoa izango, ordea. Joaquin Caparrosen taldeak futbolean jokatu beharko du irabazteko. Azken denboraldiotan atzean izan dituzten akatsek eragin duten sindromea tarteko, helburu bakarra izan dute denboraldi-aurre osoan: defentsako jokoa zuzentzea. Horrek indarra kendu die erasoan. Baloiaren jabe direnean zer egin ez dakitela egoten dira futbolari zuri-gorriak. Bizkaitarren jokoak ez dauka argitasunik. Ondorioz, ez da aparteko beharrik egin behar Athletic kontrolpean edukitzeko. Ondo kokatua egotea nahikoa izaten da Athleticen erasoko jokalariak ondo zainduta edukitzeko. Eta aukerarik sortzen ez bada ezinezkoa da golak sartzea. Egun, gainera, zuri-gorriek ez dute beren kabuz arriskua sor dezakeen jokalaririk. Beraz, estrategia jokaldiak dira haien arma nagusia. Azken finean, erasoan joan den sasoi bietako mailan dago Athletic. Ea defentsan hutsuneak izaten dituen Zaragozak beste talde batzuek lagatzen ez dituzten zuloak uzten dituen... Aimarren eta enparauen erasoko jokoa nabarmentzen bada ez baita zer eginik egongo.



DEL HORNO ETA ORBAIZ HASIERATIK. Zaragozari aurre egiteko talde indartsua zelairatuko du Caparrosek. Askoren ustez, talde zuri-gorriak egun zelairatu dezakeen hamaikako onena. Izenak kontuan hartuta, ez dago zalantzarik. Izan ere, azken uneko aldaketarik ez badago, Del Hornok eta Orbaizek hasieratik jokatuko dute. Bi jokalarientzat neurketa garrantzitsua izango da. Joan den denboraldian lesio larriak izan zituzten eta ez zuten jokatzeko aukerarik izan. Lehen zuten maila berreskuratzea dute xede. Euren mailara itzultzen badira, Athleticen maila ere dezente hobea izango da. Erdilariak oreka emango dio taldeari. Erasoan argitasuna emateko gaitasuna dauka eta defentsan lan ona egiten du. Gallartako ezker hegalekoak, berriz, erraztasun handia dauka erasoan aritzeko. Halere, ez bata ez bestea ez daude epe laburrean goi mailako jokoa egiteko prestatuak.

Aitor Ocio, Fernando Llorente eta Markel Susaeta ere hasieratik arituko dira. Erdiko atzelaria partida bateko zigorra bete ostean bueltatuko da. Llorentek orain arte erakutsi ez duen mailaren berri emateko aukera izango du. Eta Susaetak beste aukera bat izango du Camp Noun erakutsitako jokoa berresteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.