Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala

Manomanista erreskatatzen

Buruz buruko txapelketaren oihartzuna eta ikusleak erakartzeko ahalmena asko apaldu da azken urteetan. Aditu eta pilotariek hainbat arrazoi ikusten dituzte, besteak beste, pilota biziegiak, egutegia eta, nola ez, krisia.

Eibarko Astelena pilotalekuko lehen solaituko erreboteko harmaila, iaz Xalak eta Ruizek jokatu zuten buruz buruko txapelketako partidan. A. CANELLADA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Historia liburuetan ageri den txapelketa da. Benetako txapeldun titulua ezarri, eta urte osoan gorriz jokatzeko eskubidea ematen duena. Bi pilotari eta 38 metro luzeko jokalekua. Pilotaren mistika ezin da ulertu buruz burukoa gabe. Halere, ez ditu garai onak bizi. Lau t'erdikoak edo binakakoak baino jende gutxiago biltzen du harmailetan, eta oihartzun txikiago du gizartean. «Urtez urte beheraka doa.Lehen txapelketa nagusia zen, preziatuena, eta orain hirugarrena da. Ikusle kopuruan ez bakarrik, apustuetan ere nabaritzen da beherakada. Lau t'erdian eta binakakoan partida parekatua izateko aukera handiagoa dagoelako.Enpresek zer ikertua eta zer konpondua dute hor, manomanistak zerbait hobea merezi du». Hausnarketa Santi Agirrerena da, 35 urteko ibilbide luzea duen artekari zaldibartarrarena.

Manomanista buruhauste bilakatu da enpresentzat. Ez du interesik pizten zalearengan, eta, beste txapelketen arrakastaren itzalean, urtero laburtu dute. Zazpi aste baino ez, binakakoaren eta sanferminen tartean. «Enpresek zerbait asmatu behar dute. Bi hilabete ezin dira hala kareletik bota, are gutxiago garai hauetan. Lortzen ez diren sarrera oneko jaialdi asko dira. Ez da sumatzen beste txapelketa batzuetan dagoen pasiorik», aletu du Rafa Etxeberria Asegarceko logistika arduradunak. «Buruz buruko txapelketak bizkarreko asko hartu ditu, ospe txarra hartu du, eta ikusleak gero eta zorrotzagoa da dirua non gastatu erabakitzean», gehitu du Juan Martinez de Irujok. «Idoateri airean irabazi behar niola zioten, eta begira. Nire ustez, buruz buruko partida on bat binakako edo lau t'erdiko on bat baino mila aldiz hobea da». Finalerdi horretan, Astelenako harmailen erdia hutsik ageri ziren.

Xabier Euzkitzek urteak daramatza ETBn partidak kontatzen, eta diagnosi sakona egin du. «Arrazoi bat baino gehiago dago. Beste txapelketetan oreka haustea zailagoa da. Buruz buru, ordea, pilota hauekin, ez dago piloteorik, eta partida berehala bukatzeko arriskua dago. Botearen arazoa normaldu dela uste dut, baina frontisetik asko irteten dira». Egutegiaren tratamendua ere nabarmendu du. «Enpresek ez dute manomanista mimatzen. Binakako luzearen ondoren tarte bat behar da pilotariak presta daitezen, eta orain ez dago halakorik. Ez zaio behar adinako garrantzirik ematen. Gainera, uda ez da garairik onena jendea pilotalekura eramateko». Bitxia bada ere, telebista ikusleetan, aldiz, ez da beste txapelketekiko beherakadarik sumatzen. Irujo eta Idoateren arteko aurtengo finalerdiak % 15,3ko ikusle kuota izan zuen, eta Irujo eta Barriolaren arteko final-zortzirenak 15,8koa. «Zifra onak dira», aztertu du esatariak. Katearen batez besteko kuota %2,2 ingurukoa da.

Aimar Olaizolak, berriz, pilotei egotzi die beherakada. «Pilota hauekin zaila da partida piloteatua ikustea. Denok sakea bederatzi eta erdian sartzea nahi izatendugu, gero airez sartzeko. Hala, zaila da ordu eta hamar minutuko partida ikustea, eta jendeak 30 edo 40 euroko sarrreak ordaintzen ditu. Egun, pilota boleaz jo ezean, ez dizu atzeraka korrika joateko astirik ematen». Etxeberriak antzeko kritika egin du. «Aurtengo txapelketako emaitzak ez dira onak, agerikoa da ikusle berriari ez zaiola ikuskizun hori gustatzen. Ikusleak piloteoa nahi du, eta hori eman behar zaio». Artekari beteranoak ere sumatu du ikuslearekiko konexio falta. «Ikuskizuna ez zaio heltzen, motza egiten zaio. Ezinezkoa da 300 edo 400 pilotakadako partidabat ikustea. Noizean behin tanto piloteatu bat ikusten badu erotu egiten da, baina egun halakoak salbuespena dira». Dena den, ezin da alderatu garai bateko jokoaren erritmoa egungoarekin.

Pilotak, pasaren marra...

Zein da konponbidea orduan? Nola lor daiteke galdurik dirudien konexio hori berpiztea? Agirrek argi du. «Piloten botea jaistea eta pasa aurreratzea. Sakea koadro erdi atzeratu zuten, eta bigarren sakea kendu, baina ikusi da horrekin ez dela nahikoa. Agian, pasa-ko marra seian jarrita? Hori bai, piloten botea jaistea diodanean ez dut esan nahi pilota zozoak nahi ditudanik, baizik eta frontis erdian pilotakada on bat joz gero eskuan sartzean min ematen dutenak. Nolabait, pixka bat joko klasikora itzultzea litzateke». Etxeberria ere proben aldekoa da. «Txapelketa aldatzen saiatu ziren, zortzi pilotarirekin, eta esperimentuak kale egin zuen. Dena den, probak egiten jarraitu behar da, pilotak jaisten, esaterako. Pilotariak menderatu behar du pilota, eta ez alderantziz».

Irujo ez da iritzi berekoa, ez du arazoa kantxa barruan ikusten. «Zaila da konponbide bat zehaztea. Jokoari dagokionez, nik ez nuke ezer aldatuko. Bigarren sakea berreskuratuko nuke. Nire iritziz, pilota apalagoak jartzen ez dugu ezer irabaziko». Olaizolak, berriz, garbi ikusten du pilota aldaketa premiazkoa dela, eta, ahal bada, berandu izan baino lehen. «Ez dakit txapelketak duen garrantzi hori galduko duen, baina, hau aldatzen ez bada, manomanistara gero eta jende gutxiago joango dela uste dut. Piloten eztabaidak berrogei urte daramatza, baina jaisten ez badira, eta beste aldaketa batzuk egiten, zaila izango da piloteoa eta, bide batez, jendea harmailetan, ikustea».

«Konponbidea ez da erraza», laburbildu du Euzkitzek, eta pilota aldaketarekin bat egiteaz gain, egutegian dakusa gakoetako bat. «Buruz burukoari hauspoa eman behar zaio, binakakoa aurreratuz eta bere denbora izan dezan. Gero, parte hartzaileak gehienez hamaseira murriztea ere ondo iruditzen zait. Zortea ere behar da; gero, azken urteetako finaletako saltsak ez dira onak, prestigioa galdu du». Dena den, ez du uste inolako egia absoluturen jabe denik, eta hausnarketa polita egin du bukatzeko. «Binakakoak eta lau t'erdikoak jende gehiago eramango al lukete maiatz-ekainetan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.