Futbola

Manu Garcia kapitainak ez du Alavesen segituko

Bederatzi denboraldi egin ditu Arabako taldean, eta 308 partida jokatu. Alavesen elastikoa gehien jantzi duten jokalarietan bigarrena da, Martin Astudilloren atzetik.

ainara arratibel gascon
2021eko maiatzaren 26a
14:42
Entzun

«Buelta harmailara. Hauxe zen Alavesek niretzat gordea zuen oparia: Bigarren Mailatik Lehen Mailara, Bederatzi denboraldi, bi igoera, 308 partida, 19 gol eta finala [Espainiako Kopakoa]. Harro eta pozik nire Alaves kutunaren alde dena eman dudalako. Bideak aurrera segitzen du, eta utzitako aztarna borratu ezina da». Sare sozialetan idatzitako mezu horrekin esan dio agur Alavesi Manu Garcia kapitainak (Gasteiz, 1986). Azpian, argazki bat, bikotekidearekin eta semearekin Mendizorrotzan. Hala baieztatu da albistea.

Minutu batzuk lehenago klubak agiri ofiziala atera du. Bertan jasotzen da Manu Garciak eta Alavesek beren bideak bereiztea erabaki dutela, bederatzi denboraldi eta 308 partidaren ondoren. Taldeko ikurra badoa, kapitaina badoa. 2012an iritsi zen Gasteizko taldera, Logroñesetik, eta, hain justu, taldearen mendeurrenaren urtean, agur.

Alavesen azken hamarkadako une guztiak bizi izan ditu. Esanguratsuena, 2016an, taldea lehen mailara itzuli zenean, edota, 2017an, Espainiako Kopako finala jokatu zuenean, Bartzelonaren kontra. Sartu dituen goletako asko garrantzitsuak izan dira. Lasesarren Athletic Bren kontra, Vicente Calderonen  Atletico Madrili sartutakoa edo Real Madrili Mendizorrotzan sartutakoa.

Alavesen elastikoa gehien jantzi duten jokalarietan bigarrena da, Marti Astudilloren atzetik: Astudillok 346 jokatu zituen, eta 308 Manu Garciak. Alavesen kapitaina izan da azken bost denboraldietan. Alavesek eskerrak eman eman dizkio bere «konpromiso, inplikazio eta profesionaltasunagatik». Bihar bertan agerraldia egingo du Manu Garciak Mendizorrotzan, Sergio Fernandez kirol zuzendariarekin eta Alfonso Fernandez presidentearekin, eta, pandemiak ahalbidetzen duenean, omenaldia egingo diote, zaleekin batera. Ekitaldi horretan, klubaren urrezko ikurra emango diote.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.