Txirrindularitza

Maratoi itxuran, Ulissi

Ia zazpi ordu eta erdiko etaparen ondoren, Diego Ulissik (Lampre) irabazi du esprinta, Juanjo Lobato (Movistar) eta Simon Gerransi (Orica) aurrea hartuta. Alberto Contadorrek (Tinkoff) jarraitzen du lider.

jarraia111002.jpg
unai zubeldia
2015eko maiatzaren 15a
18:03
Entzun

Ordu erdi ihesaldia sortzeko, sei ordu eta erdi kontrol lanean,  eta esprint zaila amaitzeko. Horixe eskaini du Italiako Giroko zazpigarren etapak. Marco Bandiera (Androni), Nicola Boem (Bardiani), Nikolai Mihailov (CCC) eta Pierpaolo De Negri (Nippo-Vini Fantini) ibili dira ihesean, 11 minututik gorako aldearekin, baina tropelak une oro kontrolpean izan du laukotea. Helmugara iristeko hemeretzi kilometro falta zirela geratu da ezerezean ahalegina, eta Tinkoff-Saxok hartu du ardura azken zatian. Gorako joera zeukan ibilbideak, eta ezinean geratu dira esprinter gehienak. Azken unean indar erakustaldia emanda, Diego Ulissik (Lampre) irabazi du etapa, Juanjo Lobatori (Movistar) aurrea hartuta.

Bezperako erorketaren ondoren, Alberto Contadorrek (Tinkoff) nola erantzungo zuen, hori zen eguneko galdera nagusia, eta, itxuraz, arazo handirik gabe moldatu da espainiarra. Liderraren maillotarekin abiatuko da bihar ere, mendiko lehen etapa serioan. Fiuggin hasi eta Campitello Matese lehen mailako mendatean amaitu, gorabeheratsua da ibilbidea (186 km). Gogorregia izan gabe ere (%6,9ko batez besteko aldapa), hamahiru kilometroko igoera da azkena, eta %12ko batez besteko aldapa bat ere badauka azken lau kilometroetan sartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.