Bi lagunek soka mutur banatatik tira egiten dutenean gerta daiteke soka haustea. Eta horixe gerta dakioke Athletic eta Marcelo Bielsa lotzen zituen sokari, hautsi egin daitekeela. Entrenatzaileak herenegun eta klubak atzo gogor tiratu dute soka mutur banatatik, eta horrek bizartu egin du soka. Ikusteko dago eutsiko duen edo ez, baina gaur-gaurkoz zalantzan dago Bielsak Athleticen aulkian jarraituko duen.
Athleticeko entrenatzailea izan zen lehena soka tenkatzen. Athleticeko entrenatzaile ohiak oso gogor kritikatu zuen herenegun Lezamako hobekuntza lanak nola garatzen ari diren. «Eraikuntza enpresa berandu eta oker dabil. Eta okerrena da jakin badakitela gauzak gaizki egiten ari direla», esan zuen. Baina Bielsa haratago joan zen. Eraikuntza enpresa Athletici «iruzur» egiten ari zela salatu zuen. Horregatik erabaki zuen prentsaurrean azaltzea, «klubaren eskubideak defendatzeko». Ez zen Lezamako hobekuntza lanak jomugan zituen lehen aldia. Bielsak herenegun jakinarazi zuen oporretatik bueltan Lezamara iritsi zenean «samina» sentitu zuela hobekuntza lanak nola zihoazen ikusita. Amorratuta, lanen arduradunarengana jo zuen, eta azalpenak eskatzean arduraduna «modu basatian» tratatu zuela aitortu zuen. Egindakoa konpontzen saiatuko zela agindu zuen, eta horretarako salaketa bat jarri zion bere buruari. «Ziur nago salaketarik jarri ez bazidan, klubaren edo bere enpresaren presioengatik izan zela, eta horregatik agiri bat helarazi diot neure burua inkulpatuz».
Bielsa ere kirol arloaz mintzatu zen, eta arlo horretan ere ez zuen leku onean utzi klubeko zuzendaritza. Izan ere, kazetariek Aritz Adurizen eta Ismael Lopezen fitxaketen inguruan iritzia eskatu ziotenean, adierazi zuen bi jokalari horiek ez dutela jokatzen berak taldea ahulen ikusten dituen postuetan.
Entrenatzaile argentinarraren prentsaurrekoak hautsak harrotu zituen. Josu Urrutia buru duen zuzendaritza ez zen eskuak gurutzatuta geratu. Hark ere tira egin zuen sokatik. Hala, atzo goizean prentsa ohar bat jarri zuen klubaren webgunean. Bielsaren iritzi «subjektibo eta pertsonala» ez zuela «inondik inora» partekatzen zioen. Gainera, argi utzi zuen Lezamako berritze-lanen «erantzukizun osoa» klubarena dela. «Berritze-lanen kontratua bere osotasunean bete da», zioen. Horregatik, barkamena eskatu zuen Bielsaren hitzek eragin ditzaketen kalteengatik, bai lanak burutu dituen enpresari, bai langileei. Amaitzeko, berriro azpimarratu zuen Lezama hobetzeko lanek izan ditzaketen okerren erantzule bakarra «kluba» zela. «Lanak aztertu eta baloratzeko gaitasuna duen jendea dugu taldean».
Oharra eta bilera
Soka ezin tenkatuagoa zegoen, eta hura lasaitzeko asmoz bildu ziren atzo arratsaldean zuzendaritza eta Bielsa Ibaiganeko jauregian. Ordurako zenbait komunikabidek jada kaleratu zuten Bielsak Athletic utzi zuela. Urrutiak argi utzi zion entrenatzaile argentinarrari bileran asteazkeneko agerpenean «urrunegi» joan zela. Presidentea arazoak konpontzeko gai ez dela iradoki baino gehiago egin zuela leporatu zion Urrutiak Bielsari. Ezin jakin nola hartu zuen entrenatzaileak klubeko buruak esandakoa, baina Bielsak serio utzi zuen Ibaigane bilera hasi eta hiru ordu geroago. Ez zuen adierazpenik egin, ezta zuzendaritzako kideek ere. Bai, ordea, prentsa arduradunak, eta ez zuen baieztatu Bielsa gaur Lezaman izango den.
Ez da Athleticen horrelako zerbait gertatzen den aurreneko aldia.Hortxe dago 2006ko uztailean gertatutakoa. Orduan Javier Clementek kritikatu egin zituen klubak egindako fitxaketak, eta Fernando Lamikiz buru zuen zuzendaritzak kargutik kendu zuen denboraldi-aurrea hasi eta gutxira. Felix Sarriugartek ordezkatu zuen Clemente. Erabakiak giroa gaiztotu zuen erabat, are gehiago taldea denboraldia gaizki hasi ostean. Hala, Clementek taldea utzi eta bi hilabetera Lamikiz izan zen kluba utzi zuena. Dimisioa eman zuen, eta Ana Urquijo eseri zen Ibaiganeko besaulkian. Ahazteko moduko denboraldia izan zen hura Athleticentzat, taldeak azken partidan eutsi baitzion matematikoki mailari, San Mamesen Levanteri irabazita. Sasoi berean hiru entrenatzaile —Sarriugartek ez zuen sasoia amaitu, eta Jose Manuel Esnal Mane-k ordezkatu zuen— eta bi presidente izan zituen Athleticek. Inork ez du horrelakorik nahi, are gutxiago Bielsaren aginduetara talde zuri-gorriak eman duen jauzia kontuan hartuta. Harekin, bi final jokatu ditu taldeak —Europako Ligakoa eta Espainiako Kopakoa—, eta jokalari askok jauzia eman dute. Amaiera tristea litzateke Athleticen azken urteetako aldirik onenarentzat.
Marcelo Bielsa, kinka larrian
Athleticek gogor salatu du entrenatzaileak esandakoa, eta zalantzan dago karguan jarraituko duen edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu