Realaren krisiak ez du bukaerarik, oraingoz. Gaur Maria de la Peña administrazio kontseiluaren lehendakariak dimisioa aurkeztu du. Donostian eman du prentsaurrekoa hark, Anoeta estadioan, eta ez du kazetarien galderarik onartu. Dimisioaren berri emateaz gain, urtarrilaren 3an klubeko akziodunen hauteskundeak izango direla jakinarazi du.
Gaurko zuzendaritzako beste kideek ordura arte karguan segituko dute, eta ez dira aurkeztuko bozetara. Bitartean, aurten, azaroaren 30ean, akziodunen urteko batzarra izango da, aurrez iragarri bezala; besteak beste, datorren aurrekontuak onartzeko asmoz deitua dute.
2005eko ekainaren 30ean hartu zuen egungo zuzendaritzak klubaren ardura, Miguel Fuentes buru zela hauteskundeak irabazita. Miguel Santos zen beste hautagaia. ‘Denonerrela’ izenarekin abian jarri zuten proiektuak, ordea, ez du emaitza onik izan, eta Fuentesek berak aurten utzi du kargua: ekainaren 1ean. Reala, 40 urteren ondoren, Espainiako Lehen Mailatik Bigarren A Mailara jaistear zen orduan eta, “arrazoi pertsonalak” aipatuta, lehendakaritza utzi zuen Fuentesek. De la Peña zen orduan lehendakariordea, eta berak hartu zuen kargua. Gaur arte.
Reala jadanik mailaz jaitsia zela eta azken kapital handitzearen bukaera ilunaren ondoren, ekainaren 30ean akziodunen batzar garrantzitsua egin zuen klubak, administrazio kontseiluari konfiantza ematea zegoelako jokoan. Handia zen oposizioa garai haietan. Parte-hartze kopurua aipatzeko modukoa izan zen batzarrean; Kursaala lepo bete zen eta batek baino gehiagok egon behar izan zuen zutik. Akziodunen %46,18k eman zioten babesa zuzendaritzari (31.584 akzio), %39,80k ezezkoa bozkatu zuten (27.225 akzio) eta %14,02 abstenitu egin ziren (9.589). Kontseiluak 17.034 akzio eraman zituen: 309 bereak eta 16.725 delegatutakoak.
Ondoren De la Peñak Salva Iriarte izendatu zuen Realeko kirol zuzendari, eta Chris Coleman lehen taldeko entrenatzaile. Baina krisiak aurrera jarraitu zuen. Klubak ez du lortzen diru iturri berririk -arazo ekonomiko handiak dauzka-, eta Reala ez dabil ondo Bigarren A Mailan.
Azkeneko asteetan Txinako talde batek klubaren akzioen %35 erosi nahi dituela jakin da, eta horrek ere eragina izan du De la Peñak gaur hartutako erabakian.
Futbola
Maria de la Peña Realeko presidenteak dimisioa eman du
Zuzendaritzako kideek segitu egingo dute, baina urtarrilaren 3an klubeko hauteskundeak izan dira. Ez dira berriro aurkeztuko gaurko agintariak. Azaroaren 30eko akziodunen batzarrari eutsi egin diote. Ekainaren 1etik izan da Realeko buru De la Peña, Fuentesen postua hartu zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu