Futbolean asko neurtzen da esaten den guztia. Hedabide eta iritzi-emaile asko dago gaur egun munduan indar gehien duen kirolaren inguruan. Horregatik, batzuek zein besteek zorrotz aztertzen dituzte agintari, entrenatzaile eta jokalariek esandakoak. Eskarmentua duenak jakin badaki zer gerta daitekeen lekuz kanpoko adierazpenak eginez gero. Horregatik, dakienak badakielako eta ez dakienari erakutsi egiten diotelako, protagonista nagusiek argi dute nola jokatu egoera bakoitzean.
Joaquin Caparros esperientzia handiko gizona da. Zakur zaharra. 25 urte daramatza futboleko aulkietan. Behe-behetik hasi zen entrenatzen eta apurka-apurka gorengo mailara ailegatzeko eman beharreko pauso guztiak eman ditu. Jokalari eta entrenatzaile ibilbidean denetarik ezagutzeko aukera izan du. Gauza onak eta txarrak. Garaipenean gozatzea eta porrotean sufritzea egokitu zaio. Denetarik bizi izan duelako eta era guztietako gizasemeekin egin duelako topo, argi dauka nola egin behar zaion aurre egoera bakoitzari. Emaitzak laguntzen ez dutenean baikor izaten ikasi du. Taldearen eta jokalarien dohainak azpimarratzen ahalegindu da. Garaipenak ailegatu direnean, berriz, lasaitasun mezua igorri du, futbolean oso txikia baita zuritik beltzerako tartea. «Futboleko profesionalak ez die kasu handirik egin aldeko eta kontrako kritikei. Ezinbestekoa da orekari eustea», zioen atzo entrenatzaile zuri-gorriak.
Athleticen ingurua esne mamitan dagoela ikusita lasaitasun apur bat eskatzeko era da. Athletic bere historia luzeko liga hasiera onena egitetik pauso bakarrera dago, eta, beraz, zale askok pentsatuko du orain dela harrotzeko mementoa. Futbolean alderantziz egiten dira gauzak, ordea. Orain da patxada eskatzeko mementoa. Emaitzek laguntzen ez dutenean izango dute gauzak ondo egiten badakitela gogorarazteko aukera. Horregatik ez diote aparteko garrantzirik ematen Tenerifen irabazteri. Bide batez, taldeari presioa kentzeko era ere bada, inolako buruko minik ez duten taldeek askoz hobeto jokatzen baitute beti liskarretan ari direnek baino. Taldeari presioa kentzeko esaldi borobila bota zuen entrenatzaile zuri-gorriak. «Marka ontzeak ez du jaten ematen». Baina, pentsatzen hasita, beharbada ez da horren esaldi borobila izango. Izan ere, ukaezina baita lehen lau partidak irabazita ez dela ezer irabazten. Bestalde, Caparrosek ere jakingo du askoz ere errazagoa dela «jaten» jarraitzea emaitzak historiako onenak badira. Lehen lau jardunaldietan hamabi puntu irabaztea estatistika hutsa baino askoz ere gehiago da eta. Azken denboraldiotan, esaterako, txapelketaren laurden bat behar izan dute zuri-gorriek hamabi puntu batzeko. Atera kontuak.
Javi Martinez ez da ariko
Gogotsu, ilusioz gainezka eta futbol gosez joan da Athleticeko espedizioa Tenerifera. Oltrak zuzentzen duen taldea maila berrira egokitu guran dabil. Orain arte jokatu dituen hiru neurketetan gorabeherak izan ditu. Etxetik kanpo jokatu dituen partida biak galdu ditu. Zaleen aurrean irabazi du irabazi duen bakarra.
Nekatuta edo arazo fisikoekin daudenei atseden eman eta freskoago daudenen alde egingo du Caparrosek. Arrazoi horregatik utzi ditu etxean Koikili eta Javi Martinez. Aiegiko erdilariak arazo fisikoak ditu eta, badaezpada, ez du jokatuko. Ezker hegalekoak, berriz, denbora izango du larunbatean Navas eta enparauak nola zaindu aztertzeko.
Ordezkaezinak direlako edo eta ordezkorik ez dutelako, litekeena da Iraizozek, Amorebietak, Iraolak eta Llorentek hasierako hamaikakoan jarraitzea. Ezker hegalean Castillok bermatuta dauka lekua eta Gabilondo izan daiteke durangarraren aurretik jokatzeko aukeratutako jokalaria. Euskarrian Iturraspe aritu daiteke Gurpegirekin batera, etaSusaeta eskuin hegalean. Baina benetako zalantza atzean dago. Ociok edo Ustaritzek jokatuko du? Txandatzea baino gehiago, hamaikako sendoenean leku bat dago jokoan bi jokalarien artean.
Marka ez da garrantzitsuena
Une gozoetan zein latzetan «orekari» eutsi behar zaiola dio Caparrosek, eta puntuak pilatzen jarraitu behar dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu