Bi asteburu bete-beteak izango dituzte harri-jasotzaileek. Hasteko, etzi, Ugarten (Gipuzkoa), Goenatxok, Izeta II.ak eta Zelaik erakustaldia egingo dute, arratsaldeko bost eta erdietan. Lehenik, 125eko kuboa erabiliko dute minutu bateko txandan, eta gero 150ekoa bi minutuko txandan.
Urriaren 11n, Goenatxok saioa egingo du Bilbon. Azkoitiarrak 2 minutuko txanda egingo du 150 kiloko kuboarekin, 17:00etan. Biharamunean, urriaren 12an, Azkoitiko Elosu auzoan marka ahalegina egingo du 152eko kuboarekin, 3 minutuan, 17:00etan. Euskal Herriko txapeldun ohiak 16 jasoaldi egin zituen 150ekoarekin 1995ean, Mutrikuko Kalbarion, eta marka ezarri zuen. «Bi kilo gehiagorekin ariko naiz Elosun, eta nabariko da. Halere, gaur [atzo] saio polita egin dut, eta saiatuko naiz 15 edo 16 jasoaldi egiten».
Igande horretan (11:30), saio aparta dute Tolosan (Gipuzkoa). Zezen-plaza egin zutela 100. urteurrena ospatuko dute, eta kirolari sorta ikusteko aukera izango da. Harri-jasotzen, Izeta II.ak eta Ostolazak 150eko kuboarekin marka ahalegina egingo dute, 3 minutuko txandan. Kontuan hartuta Goenatxok 16 jasoaldi egin zituela, hori ontzea izango dute xede.
Jaialdi horretan, Aimar Irigoienek eta Odei Iruretagoienak ere marka saioak egingo dituzte, 200eko koadroarekin eta 125eko kuboarekin. Aipagarrria da, bestalde, Ostolazak egingo duen saioa heldu den asteartean, Italiako RAI telebistan. Zestoarrak 100eko bola erabiliko du, eta 20 lepo-bira egiteko erronka jarri diote, bi minutuan.
Marka saio ugari, bi asteotan
Goenatxok, Izetatarrek, Ostolazak eta Irigoienek dute erronka, eta Ostolaza RAI telebistan ariko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu