Arrauna. Kontxako Bandera

Markoari koadroa falta

Lehen jardunaldia du gaur traineru denboraldiko estropada preziatuenak, Kontxako Banderak, eta faboritoa Kaiku daItsaso ona dago emanda, eta ez da alderik espero baldintzetan txandatik txandara

Chapelako arraunlariak, traineruaren inguruan bilduta, atzo eginiko entrenamenduaren ostean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako badiak ez omen du parekorik, ezin ei da beste inongo lekuren batekin alderatu. Edertasun hori definitzeko adjektiboari marko izena jartzen zaio aurretik. Gaurko, kanpokoa jarrita egongo da, hortaz, eta barrukoa betetzea, koadroa osatzea, arraunlariei egokituko zaie.

Koloretsua izan ohi da denboraldiko estropada preziatuenaren itxura. Kontxako Bandera da arraunlari guztien ametsa eta helburua, baina talde batekoek bakarrik astinduko dute trapu bordatua. Gaur hasi beharko dute markoan barrukoa jartzen, lehen jardunaldian. Koloreak aldez aurretik aukeratzen hasita, berdeak indarra izango duela ematen du gaurko eta hurrengo igandeko lana bukatzean. Kaikuren berdea dago begiz jota. Faboritoa da, eta bakarra dela esatea ez da arinkeriaz mintzatzea. Sekulako taldea dauka, eta urte asko daramate ia denek elkarrekin arraunean.

Kolore berarekin jarraituz, baina bizitasun handiagora joz, Hondarribiak ere lan ederra egiteko aukera dauka. San Miguel ligan, bera izan da ia astero Kaiku estutu duen bakarra, eta gainditu ere bai, zenbaitetan. Talde egina du hark ere, eta badaki zer egin behar den halako lehia handietan. Kaikurekin batera aterako da, lehenengo txandan, eta lehia horrek bereganatuko du arreta handiena. Bietako batek behar luke txandako garaile, eta baten aldeko apustua egitekotan, berde ilunarekin itxura daiteke lehen igande honetako koadroa.

Bi horien alboan bi urdin mota izango dira. Iluna eta argiagoa oraingoan ere. Astilleroren iluna eta Chapelaren argia. Jon Salsamendiren taldeak gorakada handia egin du azken hiru asteetan. Orduan estu ziren San Miguel ligan, jaitsierako kanporaketa jokatzetik hiru puntura, baina harrezkero, gora baino ez du egin, eta bide horretan, Kontxan sar- tzea lortu zuen ostegunean. Ondo, gainera. Berdeen azpitik dago urdin hori, itxuraz, eta beste urdinari begira aritzea litzateke normalena. Baina ezin ziurtzat jo, Chapelak zer eman dezakeen galderaren ikurrarekin datorrelako. Ostegunekoak ez du balio, orduko baldintzak eta gaurkoak oso ezberdinak izango direlako. Galiziako estropadetako giroaren antz handiagoa edukiko du gaur, eta hango ligan, lan ederra egin dute arraunlariek: Amegrove txapeldunak hainbeste puntu batu ditu, baina bigarren izan da, azken estropadan aurkariak irabazi zuelako.

Bigarren txandako lehia

Eguerdiak ordu erdi pasata daukala izango da bigarren txandakoen ordua. Hauek ere markoaren koadroari koloreak jarri beharko dizkiote, baina ez nahi duten bezala; aurrenekoek utziko dizkieten lekuetan aritu beharko dute. Ikusi egin beharko da zenbateko tokia duten. Gainera, ia urtero, txanda batetik besterako tartean, haizeak gora egin ohi du, eta baldintza txarragoetan egin behar izaten dute arraunean bigarrengokoek. Gaurko, ordea, ez dago aldaketa handia iragarrita. Igo, igoko da haizea, baina iragarrita dagoena betetzen bada, alde handirik ez da egongo txandatik txandara.

Koloreei erreparatuz, urdina azalduko da berriz. Biak ilun an- tzekoak. Urdaibairena eta Tiranena. Margolari trebeak dira, baina aurten, Kaikuren eta Hondarribiaren berdearen azpian egon behar izan dute. Biak dira txandan gailentzeko faboritoak, eta bien artean, Urdaibai egon daiteke gorago, baina kontuz galiziarrekin. San Juanek ere nahiko du arrosarekin apaindu koadroa, eta asmatzen badu berea egiten, gai da muturrean ibiltzeko bigarren txanda honetan.

Laugarrena Donostiarra izango da. Zuria beti dagokio Donostiako marko konparaezin horri iraileko lehen bi igandeetan, eta bere lana egitera aterako da, beste lehia batean dagoelako.

Berdez, urdinez, arrosaz eta zuriz koloreztatuko dute markoaren koadroa arraunlariek. Markoa bezalakoa bada, ederra izango da, kolore bakarrekoa edo anitzekoa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.