Marmitako betekada

Lau garaipeneko aldea dago hirugarrenaren eta hamabigarrenaren artean; hamar talde daude sei postu lortzeko borrokan. Bilbo Basketek egutegi erosoa du etxean, eta oso zaila etxetik urrun. Lau garaipenekin, barruan legoke.

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
ACB ligako titulua lortzeko kanporaketetan sartzea eta marmitako goxo bat prestatzea antzeko ariketak dira. Osagai asko ditu marmitakoak, eta denbora eta pazientzia behar dira otordu goxo-goxoa egiteko. Liga erregularreko azken laurdenak ere osagai asko ditu, aldagai franko, eta ikusteko dago nork egin eta jaten duen marmitako goxoena. Bilbo aldean marmitakoa prestatzen iaioak dira, eta pentsatzekoa da bizkaitarrak maiatza bukaeran lanean jarraituko duten zortzi taldeetako bat izango dela.

Borroka zorrotza da oso, eta taldeen arteko aldea estuagoa. Gaur-gaurkoz lau garaipeneko aldea dago hirugarren sailkatuaren, Valentziaren artean, eta 12. sailkatuaren, Joventuten artean. 10 taldek dute liga erregularra zortzi onenen artean bukatzeko aukera, bederatzi jardunaldi falta direnean. Dena dago argitzeko: garaipenak, porrotak, puntu aldeak, norgehiagoka zuzenak…

Multzo horretan daude Baskonia eta Bilbo Basket, baina gorabeherak gorabehera, pentsatzekoa da Baskoniak ez duela arazorik edukiko zortzi onenen artean sailkatzeko. Batez ere dozena bat urte daramatzalako jarraian zortzi onenen artean sailkatzen. Aurreko denboraldietako emaitzei begiratuta lasai egoteko moduan legoke Bilbo Basket. Aurreko denboraldian 17 garaipenekin sailkatu zen Kanaria Handia, 8. sailkatua. 2008-2009 sasoian Bilbo Basket bera, 15 garaipenekin, eta hiru urte atzera Gironako Akasvayu 17 garaipenekin.

Datuak datu, oso litekeena da denboraldi honetan 17 garaipenen langa gainditu behar izatea zortzi onenen artean sailkatzeko. Bilbo Basketen onerako, agian. Bizkaitarrek 15 garaipen dituzte dagoeneko, eta etxean egutegi erosoa, bizpahiru garaipen lortzeko aproposa oso. 18 garaipenekin barruan legoke Bilbo Basket ia ziur, batez ere 12 eta 13 garaipen dituzten taldeak liga bukaera bikaina egitera behartuko lituzkeelako.

Granada, CAI Zaragoza, Fuenlabrada eta Menorca hartuko ditu Katsikarisen taldeak hurrengo asteburuetan. Granada hobeto ari da azken astetan, baina ia ezinezko du jaitsiera saihestea. CAI Zaragozak, aldiz, lotuta dauka mailari eusteko lorpena, eta Fuenlabrada izan liteke arazo gehien eragin ditzakeen taldea. Menorca izango da Bilbora etorriko den azkena, eta litekeena da hori egiten duenerako LEB Ligako taldea izatea.

Partida zailak etxetik at

Miribillara bertaratuko diren taldeak marmitakoaren osagai batzuk baino ez dira. Osagai garrantzitsuenak: hegaluzea, patatak, tomatea, eta piper berde eta gorriak. Marmitako ona egiteko, ordea, osagai gehiago behar dira: tipula, ardo txuria, ura, gatza, oliba olioa eta piperbeltza. Non lortu horiek guztiak? Galdera erraza da, baina erantzuna zaila, Bilbo Basketek etxetik urrun daukan egutegia nahiko gaiztoa delako. Igandean bertan hasita, Kanaria Handiaren aurka jokatuko baitu.

ACB ligako plaza zailenetakoa da hori, baina bizkaitarrek ondoren bisitatuko dituztenak ere ez dira batere samurrak. Bartzelonan eta Gasteizen jokatuko du Katsikarisen taldeak bata bestearen atzetik, eta azken bi neurketak ere zortzi onenen artean sartzeko helburua duten bi taldeen aurka izango dira. Cajasolen aurka aurrena, eta Estudiantesen aurka bigarrena, Madrilen. Bost partida horietatik bat edo bi irabaztea arrakasta handia litzateke, baina litekeena da bidaia guztietatik esku hutsik bueltatzea.

Horren aurrean, erraza da erremedioa. Etxean marmitako betekada hartzea. Badaezpada. Betekada hori hartzeak gaur-gaurkoz bigarren mailan geratu den beste lorpen bat ekarriko duelako: lau onenen artean sailkatzea, eta final-laurdenetan partida erabakigarria etxean jokatu ahal izatea. Horiek, ordea, udaberri bukaerako kontuak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.