Ziur aski arretaz jarraitzen dituzu Frantziako tourrak. Zer iritzi diozu aurtengoaz?
Telebistaren bitartez jarraitzen ditut. Hala ere, ez naiz beti honi begira egoten. Mendiko etapak, bai, ordea, artoski jarraitzen ditut. Aurtengoaz zer iritzi diodan? Uste dut gogorra dela, batez ere lasterkariak oso azkar ibili baitira hasieratik.
Badakigu egunero egiten duzula bizikleta. Aurten bertan, orain arte, zenbat kilometro eginak dituzu, gutxi gorabehera?
Zehazki esango dizut. Aurten, orain artekoan, baditut 9.100 kilometro eginak. Aurten eguraldi ederrak egin ditu eta oraintxe beroaldi asko egiten du eta niri beroa asko gustatzen zait. Egunean, 100, 120 edota 150 kilometro egiten ditut. Azkenik, bakarrik nengoela, Paue eta Baiona arteko Tourreko etapa egin dut, 190 kilometro.
Gure eskualdeko bideetan zara gehienbat ibiltzen?
Kartielekoetan bai. Hemen badugu nahikoa aukera etaÉ Ordokian ez bainaiz sobera laket, aldioro lepo bat edo beste igotzerat banoa. Joan den ostiralean, France 3 telebista katea filmatzera etorri baitzait, Ütürzehetako lepoko igoeraren erditsua egin nuen eta gero, hauek, joan zirelarik, etxeratu nintzen Bagargiko mendatearen gora igota eta Ahüzkiko aldetik Zalgizera berriz itzulita.
Gaur Tourrak egingo duen etapa berriki egin duzula esan diguzu. Guk dakigunez, ia bi aldiz ere egin duzu azken aldiotan?
Bai. Joan den ostegunean, Olorueko auzapezak telefonoz deitu ninduen. Miguel Indurain han zeukaten eta bere 39. urteurrena baitzen, omenaldi bat prestatua zioten. Galdegin zidaten joateko eta emazteak autoz lagundu ninduen Oloruera. Haatik, bizikleta ere eramana nuen eta lasterkariz jantzita nintzen. Bizikletaz etxeratu nintzen, Olorue eta Bagargi arteko mendateak igota.
Etapa horretan, hain zuzen, Bagargiko igoera aipatzen dute zailtasun handi bezala. Alabaina, eskualdea ezagutzen dugunok, Larraineko herrira heltzeko aldapa bera izan daitekeela gogorrena iritzi diogu. Zer iruditzen zaizu ?
Guretzat, igoera hori Lojibar ostatuaren parean hasten da. Larraineko herrirainoko zati hori guztia oso gogorra da. Zati horretan, aldaparen portzentaia %10ekoa da, batez beste. Larraineko burdinola ohietatik Organbideskako mendateraino, berriz, aldaparen portzentaia %9koa da, batez beste. Joan den ostegunean igoera egin nuelarik, ohartu nintzen aldapa portzentaien zenbakiak jarri zituztela. Hiruzpalau kilometro dira nahiko gogorrak. Esaterako, kilometro batean portzentaia %9,5ekoa da, bigarren batean %10,5ekoa, hirugarren batean %12koa, eta azken batean %13koa. Oso aldapa gogorra da.
1959ko uztailaren 3ko egun famatu hura aipa dezagun orain. Nolaz, zu aldapa igokariak, erabaki zenuen aski ordokia den etapa hartan eraso egitea ?
Ordoki, baiÉ Nahiz eta, amaiera ez zen horrenbeste ordokia! Ahurtin hasita Baiona arte badira 25 kilometro nahiko aldapatsuak. Egia esatearren, ez nuen asmoan hartua Baionan irabazteaÉ Hargatik, erabat sasoi onean nengoenÉ eta lazgarriko beroa egiten zuen. Eta nik beroa oso maite dut. Sei edo zazpi lasterkari pelotoiaren aurrean zeuden, ihes eginak. Bazuten 2 minutu eta erditik gorako aurrea harturik. Landetan, neu bakarrik abiatu nintzen haien atzetik. Ahurtiko aldapan lehena nengoen eta honen gainera iristean, ehun bat metroko aurrea hartua nien, indar handiegirik egin gabe. Ehun metro horiek banituela ikusi eta gero, neuk alde egitea erabaki nuen. Zangoak eta burua, denak ondo neuzkan, baina, hala ere, zertxobait sufritu egin nuen.
Eta Zuberoako seme bat Baionan garaile heldu zenÉ
Helmugan bazen sekulako jendea. Baionan ez zuen orduraino euskaldun batek sekula irabazi.
Abantzu handia bazenuen helmugan?
Ez horrenbestekorik ez. Nire atzetik zeudenen artean, bataila gogorra izan omen zenÉ gero jakin nuenez!
1961. urtean ere, egitandi aipagarria egin zenuen Luchon eta Paue arteko etapan. Egun hartan, haatik, eraso egitera deliberatua zenuen?
Abiatzetik gogo horretan nintzen bai. Frantziako ekipokoei esana nien: «Egun, Marzelek erasoari ekinen dio». Peyressourden laugarren postuan nengoen, Aspineko mendatean, lau igotzaile hoberenek sprint bat egin genuen eta laugarrena izan nintzenÉ Gero, nihaurk egin nuen ihes eta Tourmaleten lehena igaro nintzen. Niretzat, Tourmaleteko mendatean lehena heltzea, Baionako etaparen irabaztea bezain garrantzitsua da. Aubisque lepoan, azkenik, bigarren iritsi nintzen.
Eta Pauera heltzean, hirugarren. Egun aipagarria zinez.
Halaxe da bai. Aubisquetik eraistean ere nihaurk ihes egin nuen. Motodun bat banuen aitzinean eta biharamunean, Paueko abiagunean, jin zautan erratera ehuneko 90 kilometroko abiadura zuela, nire aitzinean zelarik Aubisqueko jaitsieran.
«1962an aldaketa handiak gertatu ziren»
Marzel Keheilleren profesional karrera 1962an amaitu zen, oroitzapen nahiko samina utzi dion Espainiako Vuelta egin zuen urtean. Lehiaketako txirrindularitzan egin dituen 11 denboraldietan, ordea, zalgiztarrak bizitu zuen eskualdeetako ekipoek bizikleta markek eta enpresek eratutako taldeei lekua utzi zuten unea.>
Zehazten ahal diguzu zein taldetan korritu zinen, Tourra egin zenuen urteetan, hots, 1957, 1959, 1960 eta 1961ean?
Hartu ninduen lehen taldea Paul Maille baionatarra buru zuen Sud-Ouest deitutakoa zen. Maille oso lasterkari ona izan zen. Bordele-Baiona etapa irabazi nuen urtean, berriz, Ouest-Sud-Ouest taldeko kide nintzen. Honetan, bretoi asko bazen eta Tourra egina zuen Paul Le Drogo bretoia zen zuzendaria. Hirugarren urteko taldea, aldiz, Centre-Midi zen. Azkenik, Ouest-Sud-Ouest ekipoan egin nuen laugarren aldikotz Tourra, Le Drogorekin.
Eskualde ekipo horietatik berehalaxe etorri zen bizikleta marketako eta enpresen izenekiko taldeen garaia?
Hori da bai. Orduko talde handienean, Jacques Anquetik kontratatua zuen Heliet-Saint-Raphaël taldean sinatu nuen. Aurretik, Mercier eta Kas ekipoetan egon nintzen. 1962an, Heliet-Saint-Raphaël Anquetilen ekipoarekin egin nuen Espainiako Vuelta. Urte hartan, dena trenkatu zen bigarren etapatik. Niretzat tamalezkoa izan zen. Zulatu nuen 140 kilometro bakarrik egin ondoren, eta epez kanpo iritsi nintzen.
Zure profesional karreraren amaiera izan zen orduan, ezta?
Bai. 1962. urtean aldaketa handiak gertatu ziren txirrindularitza profesionalaren munduan. Esaterako, 150 lasterkari profesionaletatik erdia kanporatua izan zen. Urte hartan 32 urte nintuen baina 40 urte arte lasterka egiteko gai sentitzen nuen neure burua.