Matematikek baietz diote

Urdaibaik sendo irabazi du San Miguel ligako hamahirugarren estropada, Astilleron, eta beste puntu bat jan dio Oriori

unai zubeldia
Donostia
2010eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Bost estropada falta dira San Miguel liga amaitzeko, eta Orio eta Urdaibairen artean hiru puntuko tartea besterik ez dago. Kosk eta kosk, Urdaibaik eskura dauka liga. Eskura, atzo bezala traineru barruan dagoen dinamita lehertu eta estropadaz estropada Orio atzean uzten badu. Esatea egitea baino errazagoa da, hala ere. Denboraldiko bosgarren bandera eskuratu zuten atzo bizkaitarrek, San Miguel ligako hamahirugarren jardunaldian, Astilleron (Espainia); azken sei banderetatik lau irabazi ditu Urdaibaik. Beste biak Oriok irabazi ditu. Argi dago, beraz, biak koska bat goitik dabiltzala. Buruz buruko finalaren parekoa izango da liga amaiera, baina behetik gora dator Urdaibai, eta matematikek baietz diote, posible dela. Atzo jakinarazi zuten lehen bi taldeen arteko aldea zazpi puntutik beherakoa bada, erlojuaren aurkakoa izango dela Portugaleteko azken estropada.

Bost urteren ondoren, Astilleroko itsasadarreko ubideetako batera itzuli zen atzo San Miguel liga, arraunlariek gehiegi maite ez duten estropada eremura. Berez gogorra da itsasadarrean arraun egitea, arraunlariek asko sufritzen dute, eta itsasbeherarekin jokatu zen estropada. Itxuraz, lehen txandako traineruek aukera polita zeukaten ur emari handiena zegoenean estutu eta ezustea emateko. Baina haizea baretzearekin batera geratu zen nabarmen txanda batetik besterako traineruen arteko aldea.

Oso estua izan zen lehen txandako lehia. Hondarribiak eta Kaikuk San Pedroren zortzigarren postua zeukaten begiz jota, azken bi estropadetan lehiatik kanpo ez geratzeko. Baina bizkaitarrek lan apala egin zuten. Jose Luis Kortak zazpi aldaketa egin zituen, eta nahikoa lan izan zuten Zarautzen denbora ontzeko. Hondarribiak, berriz, bizpahiru segundo aurretik izan zuen lehen hiru ziabogetan Zumaia, baina azken luze ona eginda, txandako denborarik onena lortu zuen.

Baina orduantxe hasi zen lanean haizea. Nabarmen baretu, eta San Pedrok aise ondu zuen Zumaiaren lehen ziabogako marka. 11 segundo gutxiago behar izan zituen. Hori bai, bigarren txanda horretan, lehen txandan gertatu bezala, zatitu egin zen borroka. Astillero eta Castro batetik, eta San Pedro eta Tiran bestetik. Azken luze onak eginda, Tiranek lau ehunenekotan ondu zuen San Pedroren denbora, eta Castrok zaindu beharreko denbora lortu zuen (19.29), Astillerori sei segundo aterata.

Ur emaria eta haizea, biak behera, eta arraunlarien potentzia gora. Lehen ziabogan txanda nagusiko lau traineruek ondu zuten Castroren denbora. Lehen luzea eginda, parean ziren San Juan, Urdaibai eta Orio, baina bizkaitarrek lan erdiak egiterako lortu zuten Oriorekiko ontzi bateko aldea. Arraunkera sakonarekin, hirugarren ziabogan lau segundokoa zen aldea ia bederatzi segundoraino handitu zuen Urdaibaik. San Juanek eta Pedreñak, berriz, Castroren denbora ondu gabe etsi behar izan zuten. Hondarribian jokatuko da gaur ligako hamalaugarren estropada (12:00, ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.