Txirrindularitza

Matthews, ihesaldiko azkarrena

Oricaren lan ona baliatuta, Michael Matthews izan da azkarrena Revelgo helmugan. Tourrean etapa garaipena lortu ondoren, hiru itzuli handien elkartean sartu da australiarra.

Michael Matthews bi besoak altxatuta, Revelgo helmugan. KIM LUDBROOK
jon eskudero
2016ko uztailaren 12a
17:27
Entzun

Bi garaile izan ditu Frantziako Tourreko 10. etapak: Michael Matthews eta Orica. Hamaika kritika jasoagatik, arriskatu egin du Oricako zuzendariak, eta Revelgo helmugan Matthews australiarrak altxatu ditu bi besoak. Ondo merezita, gainera. Peter Sagan (Tinkoff) zuen garaitu beharreko aurkaria, inoren gainetik, eta estrategia ona lagun, esprintean lanak errazago izan ditu irabazleak. Nagusitasun osoz gailendu da. Hala, Tourrean etapa garaipena lortu ondoren, hiru itzuli handien elkartean sartu da, Italiako Giroan eta Espainiako Vueltan ere baditu eta garaipenak.

Aurreikusita zegoen etapa ihesaldiak erabaki zezakeela, eta halaxe izan da. 60. kilometroan osatu da eguneko ihesaldia, eta hamabost lagun sartu dira bertan. Han ziren, besteak beste, Gorka Izagirre (Movistar) eta Mikel Landa (Sky) euskaldunak. Tropelak berehala eman dio baimena ihesaldiari bidea egiteko, eta aurrekoek ez dute barkatu. Bi euskaldunek lagun onak zituzten ihes egiteko, baina ez etapa garaipenaren lehian sartzeko. Izan ere, kalitate izugarriko txirrindulariak zihoazen aurrean.

Hamabost lagunek ongi lan egin dute, baina helmugarako 23 kilometro falta zirela nahasmena hasi da. Mugimenduak bata bestearen atzetik hasi dira, eta Saganek atera ditu babak eltzetik. Haren joari esker, soilik zazpi txirrindularik lortu dute lasterketa buruan egotea. Izagirre eta Landa atzean geratu dira. Bada, buruan hiru Oricako ziren: Matthews bera, Darwich eta Impey. Van Avermaet (BMC), Dumoulin (Ag2r), Boasson Hagen (Dimension Data) eta Sagan ziren gainerakoak. Oricak Sagan nekatuarazi egin du azken kilometroetan, esprinterako Matthewsengan erabateko konfiantza zuelako, eta arriskatu izana ongi atera zaio. Australiarrak ongi irabazi du esprinta, eta Sagan jokoz kanpo geratu da.

Tropela hamar minutu eskasera helmugaratu da, eta faboritoen artean ez da aldaketarik izan. Chriss Froomek (Sky) jarraituko du maillot horiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.