Iban Mayo bizi da. Itzalduta egon da azkenaldian, baina gaur bere klasea erakutsi du Italiako Giroan, etapa irabazi duelako, itzuliko 19.a, Treviso eta Terme Di Comano artekoa (179 kilometro).
Gogoa zeukan Mayok gaurkorako (etapan zehar bi mendate garrantzitsu zituzten), 30. kilometrorako sartu delako ihesaldi batean. Harrapatu egin dituzte iheslariak. 117. kilometroan erasoa du jo Mayok, eta Garzelli, Visconti, Rasmussen, Marzano, Losada eta Petrov atera dira haren atzetik. Haiekin zela, 129. kilometroan berriro erasoa jo du eta Posadak segitu dio. 171.ean utzi du atzean Posada, eta bakarrik heldu da helmugara. Visconti iritsi da bigarren, 43 segundora.
Denboraldiko lehen garaipena du Mayok (29 urte, Igorre). Iaz, Juanma Garate izan zen Giroan etapa irabazi zuen euskal txirrindularia. Duela bi urte, Koldo Gil.
Mayok lehengo denboraldian lau garaipen eskuratu zituen. Frantziako Tourrean irabazita dago etapa bat, Giroan gaur arte ez. Aurtengoa lehen denboraldia du Saunier Duval taldean; aurten arte Euskaltel-Euskadin ibili izan da. Profesionaletan 23. garaipena du.
Danilo Di Lucak segitzen du lider, atzoko alde berarekin. Addy Schleck bigarren sailkatua 2.24ra du, Gilberto Simoni hirugarrena 2.28ra, Daniano Cunego laugarrena 3.29ra, Eddy Mazzoleni bosgarrena 3.46ra.
Bihar, 20. etapa: 43 kilometroko erlojupekoa, Bardolino-Verona. Laua izango da.
Igandean bukatuko da Italiako Giroa.
Txirrindularitza
Mayok irabazi du Giroan
Bakarrik heldu da Terme Di Comanoko helmugara, etapan zehar hainbat erasoa jo ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu