"Horixe da zoriona, orduka lan egiten duen behargina", esaten du Anne Sextonek. Hori da bai zoriona, talde oso baten lana eta esprinterraren garaipena.
Txikitan, amonaren etxera joaten ginenean, amonak litxarreriak ematen zizkigun amak beste aldera begiratzen zuenean. Oharkabean. McEwen ere oharkabean doa bere litxarreriaren bila; garaipenaren bila. Bere zortzi apopiloen atzean kokaturik, isil-isilik doa aurrerantza, esprintean inguruko guztiak aztoratzen dituen arte.
Askotan, litxarreria asko jateak tripako minak ekartzen ditu gero. Pelotoia ere oso gozozalea izan ohi da eta gozorako grinak tripako minak ekartzen ditu. Txirrindulari taldea erori egiten da maiz. Gaurkoan ere, itsu-itsuan litxarrerien bila joateak bere ondorioak izan ditu eta txirrindulari asko erdibidean geratu da azken metroetan.
"Ihesi doaz hodeiak. Neguko eguzkiaren usaina maindireek. Goiz da oraindik" esaten du Kirmen Uribe ondarrutarrak. Frantziako hodeiek ez dute pelotoiaren zerutik ihes egin ibilbide osoan, baina lanerako gogo gutxi izaten da lasterketako lehenengo kilometroetan. Ihesaldiak gertatzen dira, eta pelotoiak 'goiz dela oraindik' esaten du.
Fabian Wegmannek gauzatu du gaur zazpigarren etapako ihesaldirik luzeena. Gerolsteiner taldeko txirrindulariak kilometro asko egin ditu berak bakarrik. Pelotoiaren nagitasuna baliatuz, zortzi minututik gorako aldea izatera iritsi da momentu batez.
Txirrindulari guztiek egiten dute amets bizikletaren gainean. Ziurrenik, Wegmannek ez zuen gutxiago egingo. Bere etapa garaipena nolakoa litzatekeen irudikatzen aritu izango zen behin eta berriz. Eskuak nola altxatu, garaipena nori zuzendu, elastikoa noiz txukundu...Baina ametsak, amets hutsean geratu ohi dira beti, eta hala geratu dira Wegmannen ametsak ere: ametsean. Helmugarako 20 kilometro eskas geratzen zirela, pelotoiak esnatu du.
Gaurko lasterketan erorketa ugari gertatu da. Frantziako hodeiek ez dute gupidarik izan Tourreko txirrindulariekin eta ederki busti ditu ibilbideko errepideak.
Biharko etapan, hodeiek baino, aldapek ekarriko dituzte buruhausteak. Mendiko giroa usaintzen hasi dira dagoeneko txirrindulariak. Alpeen tontorrek amesgaizto bat baino gehiago sortuko dituzte kirolarien ametsetan. Bigarren mailako mendateak agertzen hasten dira ibilbideetan. Batek baino gehiagok hankak ondo berotu beharko ditu Heidy eta Pedroren eremuetara iristeko.
Frantziako Tourra
McEwen: litxarreroa
Robbie McEwen (Davitamon-Lotto) txirrindulari australiarrak bigarren garaipena lortu du gaur Tourreko zazpigarren etapan. Azken metroetan erorketa batek pelotoiko hainbat txirrindulari kaltetu ditu. Steve Zampieri (Phonak) erretiratu egin da eta Cristophe Mengin (Francais des Jeux) atzeratuta ibili da atzoko erorketaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu