Alaskako jatorriko biztanleek ez zekiten nor zen William McKinley, AEBetako hogeigarren presidentea 1897tik 1901era. Eta McKinleyk ez zuen Alaska ezagutzen, sekula ez baitzen estatu horretan izan. Hala ere, Ipar Amerikako mendi altuenari haren izena jarri zioten, eta gaur arte hala izan da ezagun. Gaur arte. Izan ere, AEBetako presidenteak gaur iragarriko du jatorrizko izena izango duela aurrerantzean ofiziala: Denali, Alaskako amerindiarrek deitzen zuten bezala.
Alaskako estatuak 1975ean proposatu zuen izena aldatzea, eta orain, berrogei urte geroago, Sally Jewell AEBetako Barne idazkariak eman du erabakiaren berri, "jatorrizko biztanleen ondarea islatzeko". Denali mendi sakratua zen Alaskako tribuentzat. XIX. mendearen amaieran, ordea, urre bilatzaile batek izena aldatu eta McKinley izena jarri zion; AEBetako Kongresuak ofizial egin zuen 1917an.
6.168 metro da luze Denali, eta athabaskan hizkuntzan garaiena esan nahi du. Alaskan oraindik erabilera handia du jatorrizko izen horrek.