Bosgarren lasterketa du aurtengo Munduko txapelketak, eta orain arte Ferrari izan da onena entrenamendu saioetan. Raikkonen bizkorrena izan zen Australian, eta Massak ondorengo hiruretan. Orain arte eztabaidaezina zen Ferrariren nagusitasuna entrenamenduetan, baina Monacon goitik behera aldatu da egoera. Historikoki McLarenen 'zilarrezko geziak' ondo moldatu izan dira kale arteko zirkuituan, eta atzo Alonsok, Hamiltonen aurretik, urteko lehen pole-a lortu zuen.
Asteburu osoan Alonsok maila ona eman du Monacon, eta atzo berretsi egin zuen. Txapelduna bezain azkarra izan zen Hamilton, zale guztiak aho zabalik utzi dituen gaztea. Britainiarraren azken saiakeran, baina, Webberek oztopatu egin zuen eta bigarren postuarekin etsi behar izan zuen. Halakorik gertatu izan ez balitz, Alonsoren lehen postua arriskuan zegokeen. Monacon pole-a lortzeak berebiziko garrantzia dauka, eta baliteke Webber-ek, nahi gabe, emaitza baldintzatu izana.
Monacokoa zirkuitua desberdina da, segurtasun neurriengatik lehenik eta behin. Zorionez, ez da ezer larririk gertatu azkenaldian, baina 1 Formula autoak halako kale artean sartzea surrealista da. Hortaz gain, Monaco zirkuitu mantsoa da oso. Talde guztiek milioika euro xahutzen dituzte autoen aerodinamika fintzen, eta kontua da beste zirkuitu guztietan ezinbestekoa denak Monacon hutsaren hurrengoa balio duela.
Aerodinamikak, eranginkorra izateko, abiadura behar du. Zenbat eta abiadura gehiago, haren efektua gero eta gehiago nabaritzen da. Proportzionaltasun kontua da. Baina alderantziz ere gertatzen da, eta Monacon dauden bihurgune mantsoen ondorio, zaila da aerodinamika behar bezala baliatzea. Horregatik, Monacon ondo dabiltzan taldeek oinarri mekaniko ona dutela erakusten dute. Beti hala izan da Williams taldean, eta atzo Rosbergek lorturiko bosgarren postuak erakusten du hori.
Era berean McLarenen autoa mekanikoki oso eraginkorra dela erakusten du. Asteburu honetan taldeko bi gidariek kasko berezia daramate, 'MONACO 07' diamantezko letrekin idatzia baitaramate bertan. Eta balio hori dute taldeko bi gidariek, Monacon erraz ikusten diren diamante finena. Txapelketako lehen bi postuen jabe dira, eta une honetan McLaren urrezko makina bilakatu dute.
GARAIPENA ZIURRA MCLARENEK? Urteko lasterketa motzena da gaurkoa. Ez denbora aldetik, baina bai distantziagatik. Aurreratzea zaila da, baina ez ezinezkoa. Azken hiru urteetan pole-tik irten denak irabazi du. Alonsok lehen bihurgunean buruari eusten badio, litekeena da berak dastatzea xanpain gozoena. Autoak gero eta sendoagoak dira, eta horregatik oso zaila da Monacon erretiratzea. Motorrentzat lasterketa erosoa da, eta sufritzekotan, tratu gogorrena aldagailuek jasan behar dute.
Lehen lerroa McLarenek osatzen duenez, oso zaila izango dahaiei garaipenak alde egitea. Massak behar luke haien aurkari nagusi, baina ez du benetako mehatxu izateko itxurarik eman asteburu osoan. Bai auto aldetik, bai eta gidatze aldetik ere, Massa bigarren mailan dagoela dirudi. Ferrariri gauzak gehiago zailtzeko bidean, Raikkonenek huts egin eta autoa hondatu zuen Q2 saioan, eta hamabosgarren postutik ekingo dio lasterketari. Ikuskizuna emango du, baina puntuetan sartzea baino askoz gehiago ezingo duela lortu dirudi.
Estrategiak antzekoak izango dira, baina bada ezaugarri bat Monacon: guztiek erregai gutxi daramate. Arrazoia erraza da; irteera ordenak beste inon baino garrantzi handiagoa du. Horren ondorio, talde gehienek ahalik eta erregai gutxien jartzen dute autoan sailkapen frogarako. Ondorioz, lehen geldialdiak hogeita bigarren itzuli inguruan egingo dituzte. Orotara bi geldialdi egitea da arruntena, baina baliteke talderen batek hirugarren geldialdia egitea ere . Segurtasun autoak, eta istripuek, lasterketa batera edo bestera baldintza dezakete halaber.
McLarenen diamanteak
Alonso eta Hamilton izan dira bizkorrenak entrenamendu saioan, Ferrariko autoen aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu