FUTBOLA

Mediterraneoan barrena

Juventus, Olympiakos eta galatasaray egokitu zaizko Realari Txapeldunen ligako zozketan, eta, irabazteko talde zailak diren arren, zer edo zer egiteko aukera ematen die txuri-urdinei

jon ordonez garmendia
DONOSTIA
2003ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Ez dira inondik inora txapelketako talderik onenak, baina bai irabazten zailenetakoak. Italiarrak, greziarrak eta turkiarrak. Zozketak, hala ere, atzo begi onez begiratu zion Realari, eta Anoetan ikusteko hamaikako interesgarrienak ez diren arren, Txapeldunen Ligan itxaropena edukitzeko modukoak badira, behintzat. Bat egin zuten horretan Realeko jokalariek atzo, eta nahiz eta Denoueixek ez zuen onartu nahi izan, egia esan Realak txapelketa honetan zer esana badu.

Realak Mediterraneoan zehar itsas bidaia egin beharko du. Atzo Monakon egindako zozketak Juventus Italiako taldea, Olympiakos Greziakoa eta Galatasaray Turkiakoa eman zizkien txuri-urdinei, eta hasierako etsipenari geroko itxaropenak jarraitu zion. Behin Txapeldunen Ligan egonda, Europako talde onenak Anoetan ikustea plazera izan behar du. Horregatik eskatzen zituzten Lehen Mailako aurkariak jokalari eta zale askok: Manchester Untied, Bayern Munich, Arsenal, Chelsea eta Milan, besteak beste. Hasiera batean, ordea, maila horretako talde bakarrak egingo dio bisita Realari. Italiako Juventus da txuri-urdinei egokitu zaien multzoko faboritoa, eta ez nolanahikoa, gainera.

Italiarrak Europako Kopako txapeldunordeak dira, joan den denboraldian Milanen aurka finala penaltietan galdu ondoren. Juventusen aurka Anoetan punturen bat lortzea erabakigarria izan daiteke, Realak txapelketan aurrera egiteko. Garbi baitago, Juventus alde batera utzita, final-zortzirenetara pasatzeko beste txartela, hasiera batean behintzat, oso lehiatua egongo dela.

Galatasaray, Besiktasen aurkari nagusia

Realaren aukera Anoetan lortzen duenaren baitan egongo da. Greziako eta Turkiako zelaiak jokatzeko oso zailak dira, presio izugarria egiten baitute zaleek harmailetatik. Galatasarayren kasuan, gainera, presio hori Realarentzat handiagoa izango da. Galatasaray Besiktas taldearen aurkari handiena da, eta hori da Nihaten talde ohia. Jokalariak berak onartu zuen atzo Ali Sami Yen estadio beldurgarrian ez diotela «gauza politik» esango. Berak, ordea, berearekin jarraituko duela esan zuen. Zorionez, ligaxkako azken partida talde horren kontra baina etxean jokatuko du Realak.

Lehen partida, berriz, multzoko buruaren kontra izatea espero bazen ere, Olympiakosen kontra jokatuko da, Anoetan. Realarekin batera hori da hasieran batean beti multzoko talde ahulena. Horrek berebiziko garrantzia ematen dio ligaxkako lehen jardunaldiari. Hiru aste baino ez dute itxaron beharko Realeko zaleek bere taldea Txapeldunen Ligan ikusteko. Irailaren 17an hasiko da Realaren itsas bidaia.

 

Datua





Juventus eta Galatasaray, Athleticen aurkari 1998-1999an

Realaria egokitu zaizkion hiru aurkarietatik bi Athleticen multzoan izan ziren 1998-1999ko denboraldian. Zuri-gorriek Juventusen aurka 0-0 berdindu zuten etxean, eta 1-1 Turinen. Galatasarayren kontra etxean 1-0 irabazi zuten, eta Turkian 2-1 galdu. Athletic ez zen sailkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.