Goizeko zortzietan eraman ditu autobus batek mendizaleak Laudiotik (Araba) Hazparnera (Lapurdi). Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak bultzatutako martxa hori joan den larunbatean abiatu zen, Lanestosatik (Bizkaia), eta, atzoko laugarren etapa Laudion amaitu ostean, Ipar Euskal Herrira sartu da.
Datozen egunotan Lapurdiko herrialdean barna ibiliko dira mendizaleak, eta gaur Hazparne eta Kanboa lotzen dituen 16 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Bihar Senperera helduko dira, eta ostiralean Urruñara. Aurtengo Mendi martxa larunbatean bukatuko da, Lapurdi atzean utzi eta parte hartzaileak Irunera (Gipuzkoa) heltzen direnean.