FUTBOLA

Mendilibar: "Ni iritsi nintzeneko Osasunak eta honek ez dute batere zerikusirik"

Osasunako entrenatzaile ohiak esan du ez duela ulertzen "denboraldi hasieran entrenatzaile ideala izatea eta hirugarren jardunaldirako, ordea, ez".

2013ko irailaren 4a
17:19
Entzun

"Gizalegea da, gauza hauek gertatu egiten dira". Horrela azaldu du Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzaile ohiak kargutik kendu izana. Atzo jakinarazi zuen Miguel Archanco Osasunako presidenteak Mendilibar kargutik kentzeko erabakia, eta gaur egin du agerraldia entrenatzaileak. Azken orduak "oso azkar" igaro direla adierazi du: "Hasi ere ez garela egin dirudi".

Zaleei eskerrak eman dizkie Mendilibarrek, eta aitortu du nahiago izan duela jokalariak ez agurtu: "Malko errazekoa naiz eta jokalariei agur esatetik ihes egin behar izan dut. Lagun asko uzten ditut hemen". Uste zuen egoera iraultzeko gai izango zela —ligako lehen hiru partidak galdu ditu Osasunak, eta azken postuan da—, baina zuzendaritzaren erabakia onartu behar duela azaldu du. "Oso gustura" egon da Iruñeko taldean, eta egunerokoa "bikaina" izan dela nabarmendu du.

Archancok atzo esan zuen zuzendaritzak ez duela akatsik egin eta larunbatean Vila-Realen aurkako partidan "lotsa" sentitu zuela Sadarren. Mendilibarrek nabarmendu du jokalari taldea "guztion artean" osatu dutela; "zuzendaritza, kirol zuzendaria eta entrenatzaile taldearen artean", alegia, eta gaineratu du "inola ere" ez lukeela esango lotsa sentitu duela. "Ez dut ulertzen denboraldi hasieran entrenatzaile ideala izatea eta hirugarren jardunaldirako, ordea, ez", erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.