Bukatu da Jose Luis Mendilibarren bigarren aroa Eibarren. Sei denboraldi egin ditu bigarrengo honetan, eta Zaldibarko entrenatzaileak eta klubak adostu dute nahikoa dela. Datorren ekainaren 30ean bukatzen zaio kontratua, eta ez dute luzatuko.
2015-2016an hartu zuen ardura, Gaizka Garitano ordezkatzeko. Eibarren eskaintzari baiezkoa eman zionean, ez zen ziurra taldeak Lehen Mailan segitu ahal izango zuen. Izan ere, zelaian jaitsi egin zen, baina irauteko aukera Elxen auzi administratiboan zegoen. Lehen Mailan segitu ahal izan zuen azkenean Eibarrek, eta bertan egin ditu beste sei denboraldi, guztiak ere Mendilibarrekin. 248 partida izan dira, eta 2017-2018ko sasoian lortu zuen sailkapenik onena: bederatzigarren izan zen. Denboraldi honetakoa izan da markarik txarrena, azkena geratuta Bigarren Mailara jaitsi baita Eibar.
Mendilibarrekin batera joango dira Toni Ruiz prestatzaile fisikoa, Iñaki Bea bigarren entrenatzailea eta Josu Anuzita atezainen entrenatzailea.
Kike Garcia, Osasunara
Eibarri adio gaur bertan esan dion beste bat Kike Garcia da. Aurrelari espainiarrak iragarri du ez duela taldean segituko, eta handik gutxira baieztatu du Osasunak hura fitxatu duela, hiru denboralditarako. Bost sasoi osatu ditu taldean, eta 160 partida jokatu, 37 gol sartuta.
Aurrerantzean Eibarren arituko ez den beste bat Rafa Soares atzelaria da. Portugalgoak sare sozialetan iragarri du ez duela taldean segituko. Utzita egon da Eibarren Vitoria Guimaraes taldeko jokalaria denboraldi eta erdian.