Oier Mendizabal binakako txapelketara itzuliko da bihar, Urretxun. Atzelariak Mikel Beroiz ordezkatuko du, horrekeskuak pixka bat minduta dauzkalako. 2009ko finalaz geroztik Lehen Mailako binakakoan aritu gabea da, eta azken urteetan haren jokoak gorabehera asko izan ditu. Azken partidetan, baina, lehengo mailara itzultzen ari da, eta enpresak haren jarduna saritu du. Olaizola II.arekin ariko da, Aritz Lasa eta Peñagarikanoren aurka. Azken horrek Zubieta ordezkatuko du, aurretik bi aldiz egin zuen bezala. Urretxuko partidan ez dago deus ere jokoan.
Pablo Berasaluzek, bestalde, gaur erabakiko du larunbatean Labriten jokatuko duen ala ez. Izterraren atzealdean arazoak ditu eta proba bat egingo du zalantzak uxatzeko. Ezin badu jokatu, litekeena da Ekaitz Saralegi izatea ordezkoa. Astelehenerako, berriz, beste ordezkapen bat ziurtatuta dago: Miguel Merino anaia gaztearen ordez ariko da Titinen alboan Tolosan.
Barriola: «Tenis pilotak dira»
Irujo-Barriolak eta Berasaluze VIII.a-Albisuk atzo aukeratu zituzten larunbaterako pilotak, eta Barriolak gogor kritikatu zuen saskian aurkiturikoa. Zozoegiak iruditu zitzaizkion, eta alderaketa grafikoa egin zuen. «Tenis pilotak dira, bizartxo eta guzti. Ez gara batere gustura gelditu pilotekin. Azken asteetan hobeak aurkitu ditugu, eta ez dut ulertzen zergatik aldatu duten irizpidea aste batetik bestera». Gaur beste bi pilota aukeraketa egingo dituzte: goizean, Eibarren (11:30), eta arratsaldean, Tolosan (16:00).
Mendizabal II.ak Beroizen tokia beteko du bihar, eta Zubietarena, Peñagarikanok
Berasaluze VIII.ak min apur bat du izterrean, eta gaur erabakiko du larunbatean jokatuko duen ala ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu