Betis 1-1 Eibar

Merezitako puntua lortu du Eibarrek Villamarinen

Armaginek estu hartu dute Betis bere etxean, eta jokoan hura menperatzeko gai ere izan da talde gipuzkoarra. Hiru puntuak eskuratzeko aukerak izan ditu.

Fabian Orellana Eibarreko aurrelaria, Zouhair Feddal Betiseko atzelariari izkin egiten saiatzen, gaur, Sevillan jokatu duten partidan. JOSE MANUEL VIDAL, EFE
2018ko abenduaren 22a
07:43
Entzun

Partida hasieratik, aurkariari presio egiteko asmoa agertu du Eibarrek. Betisen baloi irteera zaildu du talde armaginak zelaiaren goialdean, eta sevillarrak ez dira partida osoan presio horrekin eroso sentitu. Hala ere, etxekoek sartu dute lehen zatiko gol bakarra. Jokaldi on baten ondorioz, Telloren erdiraketa bat errematatu du Sanabriak, Riesgo atezainaren aurrean. Bi taldeek partidaren lehen erdian izan duten gol aukera garbia izan da.

Eibarrek ez du etsi, ordea, eta hasierako apustuari eutsi dio. Lanak uzta eman du. Armaginek geroz eta estuago hartu dute Betiseko atezaina. Orellana saiatu da aurrena atea zulatzen, falta jaurtiketa arriskutsu batekin; Kike Garcia ondoren, jaurtiketa indartsu batekin. 73.ean, penaltiz berdindu du neurketa Orellanak.

Armaginak ez dira berdinketarekin konformatu, eta hiru puntuak eskuratzeko ahalegina egin dute. Kike Garciak oinetan izan du garaipenaren gola. Penalti puntutik bakarrik egin du jaurtiketa, baina oker jo du baloia.

Sevillan berdinduta, Eibarrek 21 punturekin amaituko du urtea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.