Patxi Izko. Osasunako presidentea

«Messi ikusita, guk Bartzelonak bezala jokatzea nahi du jendeak»

Osasunaren joko maila eskasa dela diotenei errealitatea zein den ahaztea leporatu die Patxi Izkok. Osasunan denetik Camachok helburuak bete dituela esan du presidenteak, eta orain ere 42 puntu batzea dela helburua.

OSASUNA.
Iruñea
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Zaleak ohi baino hotzago eta kritikoago nabari ditu Patxi Izkok (Gatzolatz, Nafarroa, 1946), eta jarraian Lehen Mailan urte askotan lehiatzeak eragin nekea dago horren atzean, haren ustez. Zaleek ez dute baloratzen lehen bezainbeste maila gorenean egotea. Horri buruz eta beste hainbat gauzari buruz hitz egin digu Osasunako presidenteak.

Bi jardunaldi falta dira lehen itzulera amaitzeko, nola ikusi duzu Osasuna orain arteko partidetan?

Etxetik kanpo lehen itzuli pattala egin dugula argi dago, partida askotan sari hobea merezi izan dugu, baina ez dugu neurketa bakar bat ere irabazi. Hamazazpi jardunaldiren ostean egindako merituen araberako postuan daude talde guztiak. Bigarren itzulian aurkari zuzen askoren zelaietan jokatuko dugu, eta partida horietan burua altxa behar dugu. Horretarako prest ikusten ditut jokalariak. Une honetan lesio garrantzitsuak ditugula egia da, baina horretarako ditugu 23 jokalari. Irandarrek Asiako Kopa jokatu behar dutela ere egia da, baina ordezkoek euren balioa erakusteko balia dezakete aukera. Negar egitea ez zait gustatzen niri, kexatzeak eta nahigabetzeak ez digu ezer onik ekarriko.

Hamazazpi partidatan beste hainbeste puntu batzea ez da marka ona, baina oraindik jaitsiera postuekiko lau punturen aldea du Osasunak.

Horrek ez du ezer esan nahi, ezin dugu horregatik lasaitu. Bost taldek guk baino puntu gutxiago izateak eroso gaudela pentsatzera bultza dezake bakarren bat, baina oker larria da hori. Puntuak behar ditugu, eta ea lehen itzulia amaitzeko geratzen zaizkigun bi partida hauetan lau puntu batzeko gai garen. 21 izango genituzke, eta lan erdiak eginda.

Iragan sasoian 37 punturekin salbatu zen Malaga. Zure ustez 42 puntu beharko dira sasoi honetan?

42 edo 43 puntu batzea da lehendabiziko helburua; mirarien zain ere gera gintezke, baina erokeria izango litzateke. Egia da iragan sasoian puntu gutxiago behar izan zirela, eta sasoi honek ere badu iragan sasoiaren antzik. Hargatik, ezin dugu pentsatu 37 punturekin salbatuko garenik.

Taldearen ingurua sasoi hasieran baino lasaiago dagoela dirudi.

Uda nahasia izan zen, ezohiko urduritasuna nabari zen, baina barrutik beste era batera ikusten dira gauzak. Guk bagenekien iragan sasoikoa baino talde sendoagoa geneukala, kirol arduradunek ikusi ahuleziak estaltzeko fitxaketak egin berri genituen, eta inoiz ez ginen urduritu. Inguruko urduritasunaren arrazoiak zehazten ez dakit, baina gauza bat argi daukat: gurearen gisako talde bat urte askotan maila gorenean lehiatzean zaleak nekatzen joaten dira. Badirudi zaleek ez dutela lehen bezainbeste baloratzen taldea Lehen Mailan izatea.

Donostiakoa adibide ona da, hiru sasoi egin ditu Realak Bigarren Mailan, eta jaitsi zenean baino askoz gehiago baloratzen dute orain Lehen Mailan egon ahal izatea. Lehen Mailan bazkide gutxien duen taldeetako bat gara, ez gara nafar asko, eta gure mugak zeintzuk diren jakitea komenigarria da. Bertute batzuk baditugu, eta hori da garrantzitsuena. Zaleen, kazetarien, zuzendarien, kirol arduradunen eta jokalarien batasuna da gure indarra.

Beharrak eraginda, Realak harrobiko jokalarien aldeko apustua egin zuen, horrek ere lagunduko zien batasuna lortzeko orduan, ala?

Gu bezalaxe, Reala harrobiko taldea da, eta etxeko jokalariek ematen digute izaera. Hargatik, demagogia egiteko ere balio izaten du harrobiko lanak. Nahiko genuke urtero lehen taldean jokatzeko moduko hiruzpalau gazte izatea harrobian. Era horretan, hiruzpalau urteren bueltan hamaikakoa erabat etxeko jokalariekin osatzeko moduan izango ginateke. Baina une honetan ez da horrelakorik gertatzen, eta ez dut uste Bigarren Mailan utzita aritzea txarra denik. Gure kasuan Huescari utzi dizkiogu jokalari batzuk, eta Bigarren Mailan lehiatzeak mesede egingo die, hazi egingo dira. Denak ez dira itzuliko, baina datorren denboraldian ez bada, hurrengoan, utzita joandako batzuk Osasunaren lehen taldean izango direla sinetsita nago.

Irandarrei txistu egin zieten aurkezpen egunean, eta Camachori eta zuri egindako txistuak ere ohikoak dira. Presidente gisa nola bizi izan zenuen sasoi hasiera istilutsu hura?

Presidentea ere urte askoan dago bere postuan, eta jendeak aurpegi berriak ikusi nahi izaten ditu. Entrenatzaileari dagokionez ez dakit, hemen dagoenetik helburuak bete egin ditu. Uler dezaket zenbait zaleri Camacho ez gustatzea, edo haren erabakiak ez ulertzea. Hargatik, nire ustez, Camachok gauza on asko eman dizkigu, eta presidente gisa txistu horiek taldearen aldeko babes bihurtzeko lana egin behar dut.

Hanka sartu al zuen Camachok txistuak politikaren ondorio zirela baieztatzean?

Ez dakit, nire ustez, politikak futboletik at egon behar du, beti. Esan zuenak eta esan zuen moduak norbait mindu zezakeen, baliteke, bai, baina Camachok errespetu handia erakutsi du beti, bizitza ulertzeko bere era dauka, eskarmentu handikoa da eta egoera ezberdin askotan ibili izan da, baina errespetu handiarekin aritu ohi da beti, eta hori ere errespetatu egin behar da.

Etxeko azken partidetan protesta gutxiago izan da, dena dela.

Futbolean ia dena emaitzen araberakoa izan ohi da, baloiak gol arrastoa gainditzea da gauza garrantzitsu bakarra. Hori da futboleko egia bakarra: emaitza. Eta emaitzak ez dira hain txarrak izan. Baina, noski, asteazkenero Messi telebistaz ikus dezakegu etxean, eta gero Osasunak ere Bartzelonak bezala jokatzea nahi du jendeak. Iruñean ikusten duguna da gure futbola, dena dela, ez telebista bidez Bartzelonari ikusten dioguna. Liga maiatzean amaituko da, bide luzea geratzen zaigu oraindik eta 43 puntu batu behar ditugu, hori da helburua.

Zigandarekin luzerako apustu bat egin nahi zenutela zirudien. Apustu arriskutsuegia suertatu al zen?

Ez; egia da Ziganda aukeratu genuenean Zabalzaren moduko entrenatzaile bat nahi genuela, eta halaxe esaten nuen nik beti, Ziganda urte askoan Osasunako entrenatzailea izango zela sinetsita. Baina futbolak asko nekatzen ditu pertsonak, komunikabideetako kideak ere gain-gainean izaten zarete, eta horrek guztiak gainditu egin zuen Ziganda, nire ustez, eta eredu hori aldatu beharra geneukala konturatu ginen. Gaur egun, toki berean urte askoan lan egin dezaketenik ezin dute pentsatu entrenatzaileek. Orain bi urte, Iruñeko hedabideetan Preciadoren Sporting jartzen ziguten eredutzat, eta begira orain.

Camachok sasoian sasoikoari soilik begiratzen dio. Camachok alde egitean apustu arriskutsuagoa egiteko moduan ikusten al duzu Osasuna?

Beste urtebetez mailari eustea da helburua, eta hori lortutakoan hitz egingo dugu Camachorekin; berak jarraitu nahi badu, ez da arazorik izango. Jokalari beteranoak fitxatu ditu, eta horrek arazo batzuk ekar ditzake, lesioak adibidez, baina eskarmentu handikoak dira eta badakite zertan ari diren. Arrisku gutxiagoko apustua izan daiteke, baina beterano hauekhemen dauden bitartean harrobiak emaitza onak emanez gero, nahasketa ederra egin dezakegu gazte eta zaharragoen artean. Hori da hurrengo denboraldietarako asmoa.

Martxa honetan etxetik kanpoko partidetara ez joateko aitzakia bila hasiko zara.

Zoritxarrez, galtzen ohituta gaude. Sasoi gehienetan irabazi baino partida gehiago galtzen ditugu. Iragan asteburuan, Sevillan, adibidez, ez nuen alde handirik ikusi bi taldeen artean, ez genuen gaizki jokatu, baina gol aukerak sortzea asko kostatzen zaigu, eta sortutakoan ez dugu asmatzen. Camachok ez du errurik horretan. Geldikako jokaldietan gure jokalariek baloia gaizki astintzea ez da haren errua. Entrenatzailearen planteamenduak zuzenak izan dira ia beti, inork ez gaitu jipoitu, partida orekatuak izan dira, baina…

Baina gola falta zaizue, 17 partidetatik 10etan ez du golik egin Osasunak. Lekici gehiago eskatu behar diogu?

Golak diruarekin ziurtatzen direla diote, eta gure apustua Lekic izan zen. Taldera egitea nahi baino gehiago ari zaio kostatzen, baina ez nuke esango apustu okerra izan denik. Presa geneukan, asko eskatu diogu hasieratik, eta ezin izan du bere maila eman. Halere, Osasunarentzat jokalari garrantzitsua izango da Lekic, seguru.

Urtarrilean norbait fitxatzeko eskatu al dizu Camachok?

Ez, Camachok badaki non dagoen, badaki Osasuna zein egoeratan den. Ez gara ezeren bila ari, baina aukera onen bat irtenez gero, erne ibiliko gara.

Juanfranek eta Nekunamek taldean jarraitzearekin nahikoa izango du.

Ez dakit, baina merkatuaren arabera mugitzen gara, eta norbaitek gure jokalariren bat nahi baldin badu, hemen gaude hitz egiteko. Juanfranen kasuan, esaterako,Atletico Madrilekin inolako harremanik ez dugu izan, ezer seriorik ez behintzat.

Nekunamek esan duenez, eskaintza bat baino gehiago jaso du.

Nekunami galdetu beharko diozu, Juanfranen kasuan bezala Nekunamen kasuan ere inor ez baita Osasunarekin harremanetan jarri. Ez dakigu ezer. Dena dela, edozein jokalari sal daiteke; fitxatu nahi duen taldeak Osasunari eta jokalariari eskaintza ona eginez gero, ez da arazorik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.