Aditu askok giltzarritzat jotzen duten hirugarren partida irabazi du Miamik. Floridakoak 2-1 aurreratu dira, defentsa bikaina egin dute, eta Oklahomaren erasoko jarduna 85 puntura mugatu. Kopuru hori bera baino esanguratsuagoa izan zen Miamik partida hondarrean erakutsi zuen eraginkortasuna, eta Oklahomaren ezina. Parekatua zegoelako neurketa 1.30 falta zela, 86-85 Miamiren alde. Etxekoek beste bost puntu saskiratu zituzten, faltak behartuz, eta Oklahomak, aldiz, ez zuen puntu bakar bat sartu. Durant eta Westbrook zorrotz zaindu zituzten Jamesek eta Wadek, eta akabo, bi horiek kamustuta, Mendebalde Konferentziako txapeldunaren hautagaitza asko murrizten delako.
Batez ere, taldeko hirugarren makuluak egun txarra duenean. James Hardenek lore asko jaso ditu, merezita denak, baina atzo partida eskasa jokatu zuen: bederatzi puntu, eta %20 baino ez jaurtiketetan. Partida txukuna egin zuen hirugarrenez Kevin Durantek: 26 puntu eta sei errebote. Zenbaki orokorretan ere neurri ona eman zuen Westbrookek, 19 puntu, baina portzentajeak ez ziren onak izan: %40. Joko antolatzailea kritika handi samarrak jasotzen ari da, berekoikeriaz jokatzen ari delako.
Miamiri dagokionez, esan liteke bere bi izarren ekarpenari eskerrak bakarrik irabazi zuela. Izan ere, 54 puntu saskiratu zituzten James eta Waderen artean; horietako 15, puntu bateko jaurtiketak. Oklahomak bederatzi punturen aldea izan zuen hirugarren laurdenean, baino James Jones eta Battier jaurtitzaileek puntu bateko sei jaurtiketa asmatu, eta hondoratu egin zen Oklahoma.
Miami 2-1 aurreratu da, eta bi garaipenera du NBAko eraztuna
Defentsa bikaina egin du, eta 85 puntutan utzi Oklahoma; aurkariak ez du punturik sartu azken minutu eta erdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu