Bosgarren Hiribidetik

Miamitik Erromara

Andoni Urbistondo.
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Irin guztiak ez dira zuri... «Erroma ez zen egun bakarrean eraiki. Ligako 82partidak hanka batekin irabaziko genituela pentsatzen duena oker dabil. Bidea askok espero dutena baino arantzatsuagoa izango da». LeBron James izar distiratsuak bidalitako etsipen mezua da hori, Boston Celticsen aurka galdu ondoren. Talde txapeldunak ez dira milioi zakua erabiliz eraikitzen. Jokalari onak derrigorrezkoak dira, baina halako kimika berezia ere bai, eskarmentua, lan iluna egingo duten langile xumeak, presiorik jasango ez duen entrenatzailea eta izarren beren konpromisoa. Eta, batez ere, denbora. Miami Heatek pattal ekin dio Ligari, 10-8 balantzearekin, eta irtenbide errazik ez duten gabezia asko erakutsi ditu. Besteak beste irtenbideak eman ditzaketen jokalariak fitxatzeko sosik ez dagoelako. The three amigos delakoek eraman dute dena, Jamesek, Dwyane Wadek eta Chris Boshek (hiru lagunak). Hirurak muturtuta daude Eric Spoelstra taldeko entrenatzailearekin, eta zaleak entrenatzailearen aurka jarri dituzte. Fire Spoelstra izeneko iritzi taldea ere sortu zuten Facebook atarikoan (Spoelstra kaleratu), eta etorkizun beltza du entrenatzaileak. Miamiren antzekoa, dena den.



...Eta ikatz guztiak ez dira beltz. Azaroko azken astean puztu da berria, baina susmoa aspaldi sortu zen. Alegia, Los Angeles Lakers larri samar zebilela, zulo handi samarrarekin Andrew Bynum eta Theo Ratliffen lesioekin, eta nekatu antzera Lamar Odom eta Pau Gasol. Kaliforniakoek lau partida galdu dituzte jarraian, 2005-2006 denboralditik ikusi gabeko bolada txarra. Lau urte luze dira, eta aintzat hartzeko modukoa da azken bi partidakgaldu izana titulua lortzeko kanporaketak jokatuko ez dituzten bi talderen aurka: Memphis Grizzlies eta Houston Rockets. Lakers NBAko talderik onena zen bolada txar horretan murgildu ondoren, eta orain San Antonio Spurs da onena, 15-3 balantzearekin. Texaskoek gertu sumatzen dute Dallas Mavericksen (14-4) eta Utah Jazzen arrastoa (15-5). Bi talde horiek dira, hain zuzen, boladarik onena izaten ari direnak. Zazpi partida irabazi dituzte jarraian.



'Lock-out'-aren mehatxua. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina asko 2011ko udara begira daude. Lock-out delakoa, jokalariek grebara jotzeko aukera munduko saskibaloi ligarik onena aztoratzen ari da. NBAko David Stern komisionatuak 800 milioi dolar inguru kendu nahi du jokalarien soldatatik -600 milioi euro inguru-, haiek ere krisi garaira egokitu behar dutelakoan, baina jakina, jokalariek berea defendatu dute, eta NBAk milioi askoko mozkinak ematen baditu, eurei esker dela gogorarazi dute. Bitxia da Sternek bere soldataren berri ez ematea, baina NBAk ez du diru faltarik. BBVA banketxeak 75 milioi euro emango dizkio Sterni lau urtean, txapelketako babesle izatearen truke. Zenbait jokalari hurrengo denboraldian Europan jokatzeko aukeraz mintzatu dira. Brandon Jenningsek Erromara gustura itzuliko litzatekeela esan du -Lottomatican jokatutakoa da-. Bitxia da ere Filadelfia Sixerseko Andre Iguodalak esandakoa. «Jokalari askok haurrak, familia bat, gastu asko dituzte, eta hemen dirua irabazteko aukerarik ez badute, Europara joan beharko dute jokatzera». Iguodalak sei milioi euro irabazten ditu urteko. Komeriak izango ditu, hilabete bukaerara iristeko.



Fabrizio Obertoren agurra. Olympiakosen izar izan behar zuen. Baskonian egin zen izar, Valentzian izarren pare bizi izan zen, eta NBAn izartu egin zen, munduko txapeldun bilakatuz. 35 urte beteta, erretiroa hartzea erabaki zuen liga hasi eta gutxira, bihotzeko mina zela eta. Ebakuntza bat egina du bihotzean Obertok, eta familiarekin gogoratuta, gehiago ez arriskatzea erabaki du. Umezurtz utzi ditu NBAn ari diren argentinarrak, eta aho bete hortz utzi Portlandeko zaleak. Uko egin dio urtebeteko kontratuari: bost milioi euro baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.