Miarritze multzo buruan jarri da, Agileran Ulsterri erraz irabazita

Lapurtarrek Heineken kopako lehen bi partidak irabazi dituzte, eta egokiera onean dira sailkapenari begira

Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Miarritzek asteburu biribila izan du, berriz ere, Heineken kopako ligaxkako bigarren jardunaldian. Agilerakoek Ulsterren aurka jokatu zuten igandean etxean, eta erasoko puntu gehigarria eskuratu zuten, 35-15 irabazita. Garaipen horrekin, lapurtarrak multzoko lehen postuan kokatu dira, bederatzi punturekin. Bigarren postuan Ingalaterrako Bath dago, miarriztarrengandik hiru puntura.

Garaipenak garrantzi handia du Jean Mixel Gonzalezek eta Jack Isaacek entrenatzen dituzten jokalarientzat. Izan ere, Heineken kopako hurrengo bi partidetan lidergoa sendotzeko aukera izanen dute xuri-gorriek. Italiako Aironiren aurka jokatuko dute lapurtarrek bi aldiz. Multzoko talde ahulena da Aironi, eta beste bi garaipen pilatzeko aukera izanen dute Miarritzeko jokalariek.

Bigarren zati ona

Igandean Miarritzek partida ona jokatu zuen; batik bat, bigarren zatian. Ulsterrek ohi duen estiloari eutsi zion herenegun ere, eta lehen zatian baloiak usu usteldu zituen. Probokaziorako gogoz zeuden irlandarrak, eta partida hasieran giroa ez zen oso ona izan. Bazirudien miarriztarrak giro txar horretan galduko zirela, lehen zati bukaeran Ulsterrek oso gutxigatik huts egin baitzuen entsegua. Atsedenak, baina, on egin zion Miarritzeri. Bigarren zatian jokoari bolumena emateko asmoz zelairatu ziren lapurtarrak. 45. minutuan partidako lehen entsegua sartu zuen Lapurdiko taldeak, Ngwenyari esker. Lau entseguetan lehena izan zen, eta hortik aitzina agindu egin zuen etxeko taldeak.

Joko gehiago egin zuen Miarritzek, eta Magnus Lundek aipatzeko partida jokatu zuen. Behin Ulsterreko defentsa zulatuta, aitzinekoek hartu zuten erreleboa, Carizzari esker. Yachviliren pase eder bat baliatu zuen Sylvain Marconnetek, eta hirugarren entsegua sartu zuen, eta Ngwenyak sartu zuen miarriztarren azken entsegua, bere bigarrena. Garaipen ona lortu zuen, azkenean, Miarritzek Agileran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.