Miarritze. Synaeghel (Barcella, 35. min.), August (Genevois, 50. min.), Van Staden; Taele, Thion; Lauret (Molcard, 66. min.), Lakafia, Lund; Lesgourgues, Peyrelongue (Yachvili, 60. min.); Brew, Traille (kap.), Barraque, Ngwenya; Balshaw.
Mont de Marsan. Correia (Menini, 47. min.), Caudullo, Ormaetxea (Mailau, 53. min.); De Chaves, Botha; Tastet (kap.), Taulanga, Ricaud; Pic, Vignau-Tuquet (Duvallet, 39. min.); Luku, Chedal-Bornu, Durquet, Jagr; Mazzonetto (Price, 48. min.).
Markagailua. 3-0; 8-0; 15-0; 15-3; 18-3 (atsed.) 21-3; 28-3; 28-10; 35-10.
Epailea. Jean Pierre Matheu.
Hamar minutu, eta partidako azken jokaldia. Denbora horretan jokatzea aski izan zitzaion, atzo, Miarritzeri Mont de Marsan apalari aise irabazteko eta partidako azken uneetan erasoko puntu gehigarria eskuratzeko. Aguilerako taldeak pronostikoak bete zituen, eta ez zuen garaipena eskapatzen utzi. Azken minutuan Benoit Babyk sartutako entseguari esker, bost puntutik bost saskiratu zituen gainera.
Miarritze Olinpiar Jokoetako serietan korrika ari diren atletak bezala aritu zen. Hasieran estutua eman, gero indarrak neurtu, eta lasterraldiaren bukaeran lehen lekua segurtatu. Gainerakoan, Mont de Marsan kontrolpean izan zuen, eta ez zuen estutasunik pasa. Jokoa egin nahi izan zuenean, baina, hautu txarrak eta trakeskeriak bata bestearen gibeletik egin zituen Miarritzek, Landetako taldea distantzia hurbilean mantenduz.
Benoit Babyren entsegua
Egia da ederki hasi zela etxeko taldea. Zigor kolpe ugari lortu zituen, eta hagetara bota ordez, eskuz jokatu zituen. Ausardia horrek saria jaso zuen, lehen 10 minutuetan bi entsegu sartu baitzituen. Traillek sartu zuen lehena, eta Balshawek bigarrena, Lakafiaren barneraldi bat jarraitu eta gero.
Ondoren, partida erritmo geldo batean erori zen, Miarritze erasoan trakets aritu baitzen. Minutuak aitzina joan ahala, Mont de Marsan geroz eta uzkurrago ari zen. Partida bukatzeko 15 minutu falta zirela, Lauretek entsegua sartu zuen, Miarritzeri erasoko puntua eskainiz.
Baina Mont de Marsanek errefera eman zion. Hainbat minutuz Miarritzeko lerroa eroso ondotik, Landetako aitzinekoek entsegua sartu zuen. Bazirudien Miarritzek erasoko puntua galdu zuela jokaldi horretan. Partidaren azken jokaldian, baina, eskasaren ondotik Babyk entsegua sartu zuen. Lehen postuan oheratu da Miarritze entsegu horri esker.
Miarritze 35. Mont de Marsan 10
Miarritzek aise irabazi du, erasoko puntu gehigarria eskuratuta
Hasieran, bi entsegu sartu, eta partida erabaki du, eta Mont de Marsan kontrolatzea aski izan zaio irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu