Miarritzek bigarren zatia soberan izan du Parisen

Atsedenaldira aurretik joan dira lapurtarrak, baina bigarren zatian Racingek agintea hartu du, aise irabazi arte

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Miarritzek 40 minutuz eutsi ahal izan zion bakarrik Parisko Racingi, eta porrotarekin itzuli zen etxera (28-9). Lapurtarrek pario handia egin zuten, haien jokalari garrantzitsuei atseden emanez eta gazteak lehen lerrora bidaliz. Lehen zatian gauzak ongi joan baziren ere, minutuak aitzina joan ahal dena okertu zen eta azkenean porrota jaso zuten. Horrenbestez, Miarritzek sailkapeneko azken postuan jarraitzen du eta Lyonek puntu batez handitu du bere aldea, Baionan defentsako puntua lortu eta gero.

Miarritzek gazte anitz zelairatu zituen Parisen, eta oso froga gogorra izan zuten aitzinean biziki sendoa den Racingen aurka. Lehen zatian ederki eutsi zioten lapurtarrek paristarrei. Wisniewski kanpokoen irekitzaileak ez zuen asmatu zangoz, eta Barraque eta Babyk ez zuten huts egin. Ondorioz, Miarritze aitzinetik joan zen atsedenaldira Barraquek txartel horia ikusi arren:8-9.

Bigarren zatian gauzak okertzen joan ziren. Pixkanaka, Racingek aitzinean indar gehiago ezarri zuen. Ordura arte, Miarritzeko aitzinlari gazteek ongi eutsi zioten Racingi. Minutuak aitzina joan ahala, baina, gauzak okertzen joan ziren.

Bigarren zatia hasi eta hamar minutura etxekoek partida erabakita utzi zuten. Lehenik Julien Saubade Miarritzeko jokalari ohiak entsegua sartu zuen 46. minutuan. Entsegu horri esker berriz aitzinetik ezarri zen Racing. Hiru minutu berantago, Lionel Nallet kapitainak etxekoen hirugarren entsegua sartu zuen (Saubadek lehen zatian entsegu bat sartu zuen lehenago).

Entsegu horrek, eta zangoz Jonathan Wisniewskiren arrakastak, zuloa egin zuten bukaerako 28-9koa ezarri arte. Etxekoek erasoko puntu gehigarria lortu zuten hiru entseguei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.