Miarritzek defentsako puntu bat ekarri du Paristik

Miarriztarrek zangoari esker lortu dute partidan sartuta egotea, baina ez dute irabazi (17-12)

Eneritz Zabaleta.
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Miarritzek ez zeukan batere lan erraza Racing Metro Top14ko liderraren etxean. Hurrengo asteko euskal derbiari begira hainbat jokalari garrantzitsuk atsedena izan zuten, eta talde esperimental batekin zelairatu zen Agilerako hamabostekoa. Erresistentzia ederra erakutsi arren, Lapurdikoak ez ziren sekula Racingi garaipena kentzeko moduan egon, baina defentsako puntu gehigarria lortu zuten bigarren zatian.

Etxekoek ez zuten joko ikusgarririk egin. Hasieran puntuak sartu zituzten, 10. minutuan Benjamin Fall Baionako jokalari ohiak sartutako entseguaren irudiko. Etxekoek Jonathan Wisniewskiren zangoa erabili zuten pixkanaka markagailuan zuloa egiteko, eta 14-0eko partziala ezarri zioten miarriztarrei. Atsedenaldia iritsi baino lehen Julien Peyrelonguek ohorea salbatu zuen eta 14-3koarekin joan zen aldageletara atsedenaldian. Bigarren zatia hastean, hala ere, Racingek ez zuen bere aukera alferrik galdu, eta berriz ere zuloa egin zuen: 17-3.

Yachviliren sartzea

Markagailuan zuloa handia zen arren, Dimitri Yachviliren sarrerak on egin zion Miarritzeri. Ordura arte, xuri-gorriek intentzio onak erakutsi zituzten, baina gehiegitan nahasmen anitz zegoen eta baloia galtzen zuten.

Uztartze erdiaren sartzearekin batera, jokoan kontrol gehiago erakutsi zuen Miarritzek. Zangoz zelaia okupatu zuen, eta Racingen etxean jokatzen entseatu zen. Parean, etxeko taldeak ez zuen anbizio handirik erakutsi. Markagailuko aldea kudeatzen zebilen, aitzinean zuen sendotasunean oinarrituz.

Hala ere, Miarritzek pixkanaka lortu zuen partidan berriz sartzea. Julien Peyrelonguek drop bat sartu zuen lehenik. Defentsako puntu gehigarria geroz eta hurbilago zuten lapurtarrek.

Pazientziaz jokatuz, pixkanaka Miarritzek lortu zuen puntu gehigarria lortzeko uretan sartzea. Yachvilik zigor kolpea sartu zuen eta zortzi puntuko aldea ezarri zuen markagailuan: 9-17. Miarritzek defentsako puntua poltsikoan zuen, baina ez zitzaion aski. Lapurtarren uztartze erdiak partida bukaerari emozioa eman zion 17-12koa lortuz. Hala ere, Racing sendo aritu zen eta ez zion utzi partidari ihes egiten. Garaipen logikoa Racingentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.