Asteburu honetan erabakiko dazein talde ariko diren Europako Heineken Kopako finalerdietan. Lauretatik bi jada ezagunak dira, herenegun Llanelli sailkatu baitzen, Munster txapelduna kanporatuta (24-15). Atzo, berriz, London Waspsek lortu zuen sailkapena, Leinsterri 35-13 irabazi ondoren. Jokoan geratzen diren bi txartelak norentzta izango diren gaur erabakiko da, Miarritze-Northampton eta Leicester-Stade Français partidetan.
Miarritze da lehiaketa irabazteko euskal hautagai bakarra, eta Northampton izanen da, parean agertuko zaion lehen aurkaria. Tentuz ibili beharko du Miarritzek, Northampton lehen aurkaria izan ordez lehiaketako azkena izan ez dadin.
Partida irabazteko faboritoa, hala ere, Lapurdiko taldea da. Denboraldi honetako lehentasuna Heineken Kopa baitu, eta orain arte lehiaketan itxura polita erakutsi baitu. Northampton, berriz, azkena da Ingalaterrako Guinness Premiership Ligan, amaierarako hiru jardunaldi gelditzen direla. Buruan mailari eustea daukate santuek, Heineken Kopa baino gehiago. Baina edozer gerta daiteke.
Ostegunetik aurrera, Hendaiako Blanco talasoterapia zentroan egon dira zuri-gorriak kontzentratuta, gaurko partida ahalik eta hobekien prestatzeko. Giroan, konfiantza nabari izan da, baina handikeria albo batera utzi dute jokalariek. Partidak desorekatua irudi dezake, kontuan hartuta bi taldeek haien ligan daramaten bidea. Gogoratu behar da, halaber, sailkapen multzoan Miarritzek bi aldiz irabazi ziola Northamptoni. Baina partida bakar batean, ezusteak gertatu izan dira behin baino gehiagotan, eta Miarritze ez dago ezuste baten salbu.
Partidan ezusteak saihesteko, aste barruan dena espero bezala joatea da bidea. Aste honetan, hori gertatu zaio Miarritzeri. Hasierako hamabostekotik ez da, lesioak direla tarteko, inor atera. Aspalditik min hartuta dauden jokalariak albo batera utzita -Cabannes, Masi, Lealamanua eta Dambielle-, jokalari guztiak osasuntsu daude. Joan zen astean, Albin jokatutako partida gogorrak ez du ondorio txarrik izan. Thomas Lievremontek eman die Miarritzeko medikuei buruko min bakarra. Aste barruan, ezker belaunean babesekin entrenatu da, baina herenegungo saioan, mina sentitu zuen belaun horretan. Lagisquetek, hala ere, hamabostekoan sartu du. «Igandean [gaur] erabakikodugu jokatuko duen ala ez, belauna nola duen aztertu eta gero». Lievremontek jokatzen ez badu, Imanol Hariñordokik hartuko du haren postua, zortzia modura, eta Imanolek hirugarren lerroan utzitako hutsunea Dridik beteko du. Azkenik, ordezkoetan Malonga sartuko litzateke. Lievremonten kasuaz aparte, ez dago beste buruhausterik zuri-gorrien artean.
Northamptonen ere usaiako hamabostekoa zelairatuko da. Steve Thompson da min hartuta dagoen jokalari titular bakarra. Ingalaterrako selekzioko aztalkaria aspalditik dago min hartuta, eta, beraz, ezusterik gabe etorri da Northampton Euskal Herrira.
AITZINEAN NAGUSITU BEHAR. Partidaren gakoa, aitzineko lehian izanen da. Izan ere, Northamptonek Miarritzeko zortzikotea lehia eremura mugatu nahiko du. Horretarako, dortokak burutzen, pase bakarreko jokoa eramaten eta uztartze irekietan baloia altxatzen saiatuko dira. Hala, espazioa ireki nahiko dute, gibelean, bakarkako maila handia duten, baina talde joko eskasa duten, Spencer, Lamont edo Cohen jokalariek, buruz buruko lehian arriskua sor dezaten.
Hala ere, multzoko partidetan argi gelditu zen Miarritzeko aitzinlariak indartsuagoak direla, eta Northamptoneko zortzikoteakzailtasun handiak izanen ditu aitzineko lehian nagusitzeko. Hau da, gibeleko jokalariei baloia arriskua sortzeko moduan eskaintzeko. Miarritzek, defentsaz gain, zelaia bete nahiko du, Jatxvili eta Peyrelonguen zangoeri esker. Aitzinean, Northamptoni aurre egiten badiote, presarik gabe ariko dira gibelean. Ohituta daude zuri-gorriak erasoak pazientziaz eraikitzen, pareko defentsa akitu, eta zuloak aurkitzean, jokoari abiadura eman, eta entseguak egiteko.
Bi taldeen indarrak ikusiz, badirudi Miarritzeren joko estiloak Northamptonena trabatzeko aukera handiak dituela. Baina ez da ahantzi behar Northamptonek gibelean talentu asko duela. Partida bakarrean erabakiko da gaurkoa, gainera. Aitzinean gogo eta gar handiari esker, Miarritzeren pare jartzea lortzen badute, orduan arriskutsuak izanen dira ingelesak, gibelekoek arriskua sortzeko aukerak izanen baitituzte.
Anoeta betekoduten 32.500 zaleen laguntza ezda soberan izanen irabazteko. Giroa aparta izango da. Zaleen lehian, euskaldunek hartu dute gaina, kopuruan behintzat. Orain, jokalari lapurtarrei dagokie zelaian gauza bera egitea.
Miarritzek dena dauka alde aurrera egiteko
Lapurtarrak dira faborito gaur Northamptoni irabazi eta Heineken Kopako finalerdietan aritzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu