Miarritzek bi aldaketa egingo ditu hirugarren lerroan: Lievremont berriro ariko da eta Malongak lehen partida jokatuko du hasieratik. Kataluniarrarentzat aski gogorra gertatzen ari da sasoia lesioei dagokienez, partida pare jokatzen duelako eta min hartzen duelako, baina bistan da sendotasuna emango diola lerro horri.
Malonga gazteak (20 urte, 1,92 metro eta 96 kilo) dohain guztiak ditu 3. lerro aproposa izateko, baina ez du aukera handirik izan dakiena erakusteko. Beraz, soilik Hariñordoki ariko da berriro. Garaztarra lerro horretan postua lortzeko duten lehiaz mintzo da: «Hirugarren sasoia dut Paue utziz geroztik, eta ez da aurreko bi sasoietakoa baino lehiatuagoa gure artekoa. Gainera, giro ona dago zazpion artean. Gauza da, lesio dezente ari garela izaten, eta ongi datorkigu lerroa osatua izatea».
Gibeleko lerroan aipagarria da Marcelo Bosch argentinarra. Izan ere, orain dela hiru aste heldu zen Miarritzera, bigarren taldearekin partida bat jokatu zuen, eta 20 minutu Clermonten. Orain arte neurria eman du, eta oso baliagarria izan daiteke lapurtarrentzat.
Narbonari dagokionez, zazpi jokalari dauzka min hartuta, eta Labit eta Tournaire dira aipagarrienak. Narbonarrek 24 entsegu egin dituzte, eta seigarren postuan dira erasoan. Candelon da taldeko eta Top 14ko entsegugile nagusia (7 entsegu). Gainera, Rosalen joko zabaltzailea da Ligako tantogilerik onena (207 tanto). Beraz, estu lotu beharko dituzte bi jokalari horiek miarriztarrek, baina lapurtarrek defentsa aparta dute.
BAIONAK ARRISKUA DU BERRIRO. Baionarrek ez dute irabazi etxetik kanpo oraindik, eta Montaubanen du beste aukera bat. Talde horretako prestatzailea izan zen Pemeja Baionako entrenatzailea. Joanekoan alde handiz galdu zuten lapurtarrek, eta ongi oroitzen da: «Krudela izan zen, baina gauzak hobetu egin dira. Orain uztartuago gaude entrenatzaileak, eta jokalariek nabaritu dute. Azken partidetan puntuak metatzen ari gara, eta horrek eman digun bultzadarekin ariko gara Montaubanen».
Montauban talde sendoa da, berria baldin bada ere Top 14an. Hala ere, azken lau partidak galdu egin dituzte.
Miarritze eta Baiona, espero zen maila eman gabe oraindik
k.A.Donostia
Top 14ko Ligak bidearen erdia igaro zuen joan zen asteburuan. Miarritze ez da ari 2005-2006 sasoian bezain tinko, baina urtarriletik aitzin lortu behar du nabarmentzea, ordurako ziurtaturik ukan beharko baitu finalerdietarako sailkatzea, eta Heineken Kopan ere, sailkatzeko bidea egina izango baitu.
Baionari dagokionez, liga hastapen kaskarrari buelta eman ezinik dihardu, azken bi partidak erreskadan irabazi baditu ere. Gaur Montaubanen eta hurrengoan Miarritzeren aurkakoan ez baditu puntuak bereganatzen bereak egingo du, seguru asko.
Biek arazoak dituzte etxetik at irabazteko. Miarritzek defentsan du oinarria eta Baionak arlo horretan egin du huts orain arte. Erasoari dagokionez, Miarritzek azken jarduenaldietan lortu du erasoan hobetzea. Halere, hirugarren jardunaldian lortu zuen entsegu kopururik handiena, Baionaren aurka, hain justu ere. Miarriztarrek zazpi entsegu egin zituzten, eta54-0 irabazi zuten. Beraz, badute baionarrek ordainekoa emateko arrazoia heldu den ostiralean.
PEYRELONGUE ETA AUDRIN.Jokalariei dagokienez, Julien Peyrelongue da minutu gehien jokatu duena. Aintzat hartuta 14 partida jokatu dituztela eta 1.120 minutu, Landetakoak marka ezarri du orain arte, 14 partidetan aritu baita eta 1.011 minutu jokatu ditu. Iaz ere gehien jokatu zuena izan zen. Bidabe eta Betsen. dira hurrenez hurren, eta halaxe izan ziren iaz ere. Bidabek, gainera, zorrotz dihardu erasoan.
Baionan aipagarria da Audrin gibeleko jokalaria. Sasoi honetan ekarri dute Baionara, eta berak jokatu du gehien. Halere, Linde eta Gerber hegoafrikarrek jokatu dute gehien Baionara heldu zirenetik; Coetzee herrikidea ere aski finkoa da hamabostekoetan.
Gaurko partidak
Miarritzek bost aldaketa egingo ditu Clermonten aurka zelairaturiko hamabostekoarekin alderatuta. Hala, Wessels, Hall, Malonga, Lievremont eta Bosch Lealamanua'a, August, Carpentier, Dridi eta Lisonen ordez ariko dira. Lievremont, Hall eta Malonga min hartuta egon dira; Malongak sasoiko lehen partida jokatuko du hastapenetik, eta baita Bosch argentinarrak ere. Baionan berriro sartu dituzte jokalarien zerrendan Hill, Gratchev, Iturriria eta Hegarty. Izan ere, Thiery eta Vermis min hartuta daude.Miarritze-Narbona
Jardunaldia: hamabosgarrena.
Miarritze: Wessels, Noirot, Avril; Hall, Couzinet; Malonga, Lievremont, Hariñordoki, Dupuy, Peyrelongue; Bobo, Cabannes, Bosch, Bidabe; Brusque. Ordezkoak: August, Balan, Lecouls, Carpentier, Dridi, Dambielle, Lison.
Narbona: Hooper, Algret (kap.), Martinez; Springgay, Michaux; Tomiki, Haare, Bisaro; Balue, Rosalen; Candelon, Mazars edo Aout, Negre-Gautier, Bouquie; Nadau. Ordezkoak: Palomera, Rofes, Mololo, Eksteen, Beaux, Seron, Plante.
Epailea: Eric Gauzins.
Lekua: Miarritzeko Aguilera Estadioa (13.500 ikusle).
Orena: 18:30.
Montauban-Baiona
Jardunaldia: hamabosgarrena.
Montauban: Henn, Traversa, Lemoine; Rolland, Frost; Caballero, Soldan, Raynaud; Mitu, Fauque (kap.), Cassin, Albert, Viard, Figueiredo; Etxeberria. Ordezkoak: Arganese, Sa, Diarra, Duffau, Garcia, Kopaliani, Albert
Baiona: Coetzee, Hegi, Iginitz; Linde, Tewhata; Bernad, Davies, Massabeau (kap.); Tilloles, Iturriria; Gerber, Dourthe, Audrin, Lhande; Fromont. Ordezkoak: Usandizaga, Hill, Lopresti, Bergez, Gratchev, S. Iñigo, Hegarty.
Epailea: Akim Hadj-Bachir.
Lekua: Montaubaneko Sapiac zelaia (9.263 ikusle).
Orena: 20:45 ( Frantziako Canal Plus).