Miarritzek Heineken kopari agur erran dio Saracensen aurka galduta (20-16)

Miarriztarrei lehen postuak ihes egin die, eta helburua bigarren postua lortzea da Challenge-an segitzeko

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Miarritzeri bukatu zaio Heineken kopa. Igandean Saracensen aurka galdu eta gero (20-16), multzoko lehen postua ezinezko dauka. Bigarren postuan sailkatuz geroz ere, final-laurdenetara sartzea ezinezkoa du, beste multzoetako bigarren sailkatuekiko beranta handiegia baitu. Dagoeneko, Top 14ari begira ezarri beharko da Aguilerako taldea.

Miarritzek partida ona egin zuen igandean, eta Yachvilik oso maila altuan dagoela erakutsi zuen berriz ere. Hala ere, Serge Blanco presidenteak entrenatzaileak kritikatu zituen, porrotaren ondoren. «Aldi honetan porrotaren errua entrenatzaileena da. Horrelako partidak irabazteko onenak zelairatu behar dira. Ez nago seguru horrela izan zenik igandean». Blanco Arnaud Hegitaz eta Sylvain Marconnetaz ari da. Bi jokalariak zelaira sartu ondoren, Miarritzeko uztartzeak indarra berreskuratu zuen.

Porrot horren ondotik, multzoko bigarren postua lortzea da helburua. Izan ere, bigarren postuan sailkatzen direnak Europako Challenge-an jokatzera pasatzen dira, Heineken kopan jarraitzen duten bigarren sailkatuen arteko bi onenak salbu. Challenge-a irabazteak Heineken koparako txartela ematen du, eta hori da Miarritzeren aukera bakarra hurrengo sasoian Europan jarraitzeko. Horretarako, bigarren postuan bukatu beharko du multzoan, eta Ospreysi irabazi igande honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.