Miarritzek Ospreysen kontra jokatuko du Heineken kopan, Anoetan

Lapurtarrek Glasgow hartu zuten mendean herenegun (41-20); final-laurdenetako lau onenen artean sartu dira

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Azken bi urteetan hasierako fasetik kanporatuta erori eta gero, Miarritzek berriz jokatuko ditu Heineken kopako final-laurdenak. Partida, gainera, Donostiako Anoeta estadioan jokatzea irabazi dute miarriztarrek, aitzina egin duten zortzi taldeetan lau onenen artean sailkatu baitira. Galesko Neath eta Swansea elkartu dituen Ospreys probintzia izanen da lapurtarren aurkaria.

Igandean, ligaxkako azken partida jokatu zuten xuri-gorriek, eta ez zioten ezustekoari lekurik utzi. Agileran Glasgowri irabazi zioten (41-20), eta horren beharrik ez bazuten ere, erasoko puntu gehigarria erdietsi zuten. Azken minutuan Bolakorok etxekoen laugarren entsegua sartuz eman zion puntu gehigarria Miarritzeri. Horrenbestez, hasierako faseko bigarren taldea izan da Miarritze, 23 punturekin, eta sailkatutakoen zazpigarren taldea egokitu zaio final-laurdenetan.

Datu horiek ez dira anekdota hutsa, ligaxkako bigarren taldea izateak abantaila latza eman baitio Miarritzeri. Finalerako bidea oso irekita dauka Serge Blancoren taldeak. Final-laurdena irabaziz gero, finalerdia berriz Anoetan jokatzeko abantaila izanen luke Miarritzek. Hil edo bizi jokatzen diren partida horietan, zaleen laguntza ezinbestekoa da, eta 2006an bezala, bi aldiz jarraian Anoetan aritzen ahalko da Miarritze. Orduan, finalera iritsi zen, eta Munsterren aurka erori zen.

Ospreys, talde bihurria

Hala ere, argi ibili beharko du Miarritzek. Estatistikek bestelakoa pentsaraz dezakete, baina Ospreys ez da batere talde kaxkarra. Bigarren bukatu du bere multzoan, baina Galesko taldea «heriotzaren multzoa» deitutako horretan zegoen. Harekin batera Clermont zegoen, azken Top14ko hiru finalak jokatu dituena. Aitzina egiteko, Heineken kopako iazko finalista eta Ingalaterrako Ligako txapelduna, Leicester, gibelean utzi behar izan du. Leicester Europako talde historikoa da, bitan irabazi baitu Heineken kopa, eta haren aitzinetik sailkatu izanak anitz dio galesen kalitateari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.