Michal Hernik 39 urteko moto gidari poloniarra atzo hil zen, Dakar Rallyko hirugarren etapa jokatzen ari zela. Antolatzaileak berririk ez zutela ikusi eta haren bila irten ziren. Cuesta de Mirandan aurkitu zuten (Argentina), hilik, rallyko ibilbidetik 200 metrotara. Osasun zerbitzuak Hernik suspertzen saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zen. Rallyko ikerlariak heriotzaren arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen aztertzen ari dira.
Hernik bosgarren hildakoa da Dakarra Hego Amerikan jokatzen hasi zenetik, 2009tik, eta 64.a proba jokatzen hasi zenetik, 1969tik.
Corcuerak proba utzi du
Ignacio Corcuera Livingston auto gidari bilbotarrak bertan behera utzi du Dakar Rallya. Hirugarren etaparaino iritsi da. Etapa horretan 34 autok utzi dute proba.