Michelen etorreraren eragina baretu nahi du

Entrenatzaile aldaketa akuilu izan ohi da, eta Realak aurkariaren motibazio berarekin jokatu beharko du bihar

Donostia
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Sailkapenaren eremu arriskutsuenetik lehenbailehen ihes egiteko gogoz zelairatu da bihar Reala Sevillaren kontra. Bigarren itzuliari ekin aurretik jokalariek bazekiten Anoetan topatuko zutela lasaitasunaren giltza, eta Sportingi irabazi ostean, eskuragarriago izango lukeen helburua litzateke beste horrenbeste egingo balute gaur. Iraunkortasuna lortu asmotan dabilen edozeinentzat ez dago beste biderik.

Philippe Montanierrek ez du jakingo azken une arte Griezmann jokatzeko moduan egongo den edo ez. Ezker hegalekoak kili-kolo darama aste osoa giharretako minak jota, eta bere parte hartzea oraintxe bertan ezin liteke baieztatu. Gainerakoak bere aginduetara dauzka Montanierrek. Asier Illarramendirentzat, halere, goizegi da oraindik.

Griezmann garaiz osatuko ez balitz, Velak jokatuko luke bere postuan eta Xabi Prieto itzuliko litzateke eskuin saihetsera. Horrez gain, ziurtzat jo liteke Agirretxeren parte hartzea Ifranen ordez. Taldearen gezimuturra izango da beste behin. Hala, zalantza bakarra legoke Montanierren marrazkia osatzerakoan: Elustondo eta Aranbururen aldamenean nork jokatuko duen. Markel edo Pardo da zalantza. Ezaugarri ezberdineko erdilariak izanik, entrenatzaileak argi izan beharko du taldearen jokamoldea.

Txuri-urdinak, bestalde, Michelen etorreraren eragina baretzera derrigortuta egongo dira. Michelen helburua taldean dituen izen handiei lehengoko izatea aitortzea izango da. Garai oparoenaren hondarrak geratu arren egungo Sevillari, benetan ahalmen boteretsukoa da. Negredo, Navas, Kanoute... ez dira edonor, eta edozein unetan suspertuko dira. Realaren kontura esna daitezen nahiko du entrenatzaile berriak eta txuri-urdinek jarrera goseti bera erakutsi beharko dute garaipenak ihes egin ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.