Pilota

Mikel Goñi Legazpin itzuliko da jaialdietara, maiatzaren 3an

Iazko urriaren 21ean jokatu zuen azken partida, eta harrezkeroztik Aspek jaialdietatik kanpo utzi zuen. Enpresak entrenamendu plangintza berezia jarri zion.

2008ko apirilaren 23a
11:07
Entzun
Imanol Magro

Mikel Goñi maiatzaren 3an itzuliko da jaialdietara, Legazpin (Gipuzkoa) jai eguna da eta bertan etengo du ia sei hilabeteko geldialdia. Oronozkoak iazko urriaren 21ean jokatu zuen azken partida, eta harrezkeroztik Aspek jaialdietatik kanpo utzi zuen. Enpresak entrenamendu plangintza berezia jarri zion eta bete ezean ez zuela jokatuko ohartarazi. Goñi duela gutxi hasi zen berriz ere entrenatzen eta enpresak ahalegina saritu du. Hasiera batean astelehenean jokatu behar zuen. Atzo eginiko proban, ordea, eskua justu samar zuela ikusi, eta itzulera atzeratzea erabaki zuen.

Goñi bera izan zen duela aste batzuk berriz ere enpresarengana abiatu zena, jokatu nahi zuela eskatuz. Bi aldeen arteko harremana asko hoztua zen azken hilabeteetan. Pilotariak ez zuen behar bezala entrenatzen eta bere aldetik ahaleginik egin gabe, enpresak jaialdietatik kanpo utzi zuen. Artekari eta apustu zaleek ere ez zuten begi onez ikusten bere itzulera. Duela bi hilabete Tolosako inauterietan jokatzeko asmoa publiko egin zuen Goñik, baina nonbait Aspek ez zuen pilotariaren eskaera onartu. Oronozkoak uda garaia partida asko jokatzeko baliatu nahi zuen eta entrenatzen aritu da azken egunotan. Buruz buruko txapelketa prestatzen aritu diren pilotariekin egin du lan, Irujo eta Barriolarekin, besteak beste.

Ikusmin ikaragarria sortu zuen iragan udan Goñik. Hiru hilabetean hogeita hamar partidatik gora jokatu zituen eta jendetza eraman zuen frontoira. Bere eraginari esker, Aspek ia ez zuen Irujoren hutsunea sumatu. Udako mailari esker enpresak lau t'erdiko txapelketan sartu zuen. Lehendabizi Iñaki Esain kanporatu zuen, Oinatz Bengoetxearen aurka galdu aurretik. Partida hartan irudi oso kaskarra eman zuen, erabat sasoiz kanpo baitzegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.