Movistar taldeak jakinarazi du txirrindulariaren itzulera atzeratzea erabaki dutela; izan ere, murgiarra ez da oraindik erabat osatu Donostiako Klasikoan izandako erorikotik. Sahiets bat apurtu zuen Landak Klasikoan, eta horri gehitu behar zaio oraindik min egiten diola Tourreko bederatzigarren etapan egindako lesioak.
"Ahalegin guztiak egin ditugu azken hamabost egun hauetan Mikel bere onera itzul zedin, baina ezinezko izan da", azaldu du taldeko arduradun Eusebio Unzuek. "Egun hobeak eta okerragoak izan ditu, baina erabakia hartzeko unea heldu da, eta ez dago irteeran egoteko moduan".
Mikel Sanchez traumatologo ezagunaren eskuetan jarri da, eta hark entrenamendu programa berezia diseinatu dio. Landak hitzetik hortzera jarraitu du programa, baina, hala ere, ezin izan du ornoko lesiotik osatu.
"Gerrialdean min du hausturaren ondorioz, eta horri gehitu zaio sahietsetan izan zuen haustura bikoitza. Orain, gure lehentasuna Landa erabat osatzea da, eta ondoren erabakiko dugu Erresuma Batuko Itzulian parte hartuko duen". Unzuek, hala ere, ez du baztertzen Innsbruck (Austria) munduko txapelketan parte hartzeko aukera izatea.