EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Mikel Landa nagusitu da Aiako aldapa gogorretan

Astanako arabarrak irabazi du Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapa, Aian, ihesaldian sartu eta azken aldapan erasoa jota. Segundo politak irabazi dituzte Sergio Luis Henaok eta Joaquim Rodriguezek.  

Mikel Landa, Aiako helmugan. JON URBE / ARGAZKI PRESS
unai zubeldia
2015eko apirilaren 10a
11:27
Entzun

Hitz egin ezinda, erabat hunkituta, Mikel Landak (Astana) gozatu ederra hartu du Aian, Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapa irabazita. Ihesaldian sartu da murgiarra, bi taldekiderekin batera, eta Aiako azken aldapa gogorrean jo du erasoa. Bakar-bakarrik helmugaratu da, egin duena sinetsi ezinda bezala. Atzean, berriz, mugitu dira Simon Yates (Orica), Sergio Luis Henao (Sky) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa), eta ezinean geratu da Nairo Quintana (Movistar). Sailkapen nagusian, denbora berean daude Henao eta Rodriguez, zazpi segundora dago Yates, eta hamabira Quintana.

Azken mugimenduaren aurretik, mendiko maillota buruan zeukatela, ihesaldian sartu beharra zeukaten Omar Frailek eta Amets Txurrukak (Caja Rural), eta biek ala biek lortu dute helburua, beste 29 txirrindularirekin batera. Tartean ziren Igor Anton (Movistar) eta Mikel Landa ere (Astana). Ia bost minutuko aldea izan du ihesaldiak, baina atzean erritmo bizia jarri dute Skyk eta Katuxak, eta bi minutu pasatxoko aldearekin iritsi dira Aiara, lehen igoera gogor-gogorra eginda. Aritzmendi baserrira bidean, Rein Taaramae (Astana) mugitu da aurrean, eta Landa, Tim Wellems, Tony Gallopin (Lotto), Tom Danielson (Cannondale) gehitu zaizkio. Atzean, berriz, Michal Kwiatkowskik (Etixx) jo du erasoa, eta David De la Cruzek lehenengo eta Tony Martinek gero, ikuskizun handia eman dute poloniarra aurreraino eramateko. Hori bai, Landarena izan da benetako erasoa, azken aldapan.

Taldean egin beharreko lanak amaituta, bakarkako lanarekin amaituko da gaur Euskal Herriko Itzulia. 18,3 kilometro edukiko ditu erlojupekoak, eta oso berezia izango da saioa, hamar kilometroko jaitsiera luzearekin hasi eta bi igoera gogorrekin amaituko delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.