Mila esker, Button!

Bere bizitzako lehen 'pole'-a lortu zuen atzo Jenson Button BAR-Honda etxeko gidari britainiarrak

Laurentzi Garmendia
2004ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Guztiek Michael Schumacher espero zuten entrenamenduetako denbora onenarekin. Eta ia guztiak gainditu zituen alemaniarrak, atzetik 18 gidari utzi baitzituen. Bakar batek aurrea hartu zion, ordea, guztien ezusterako. Nor eta Jenson Button, aurten lasterketa guztietan bizitasuna ematen ari den britainiarra. Duela lau urte Williamsen debuta egin zuenetik ez zuen inoiz halako emaitzarik lortu. Gaur irabaztea oso zail dauka, baina eskaintzen ari den emozioa pozik egoteko arrazoi nahiko da.

Asteburu honetan Ayrton Senna gidari brasildarra hil zela 10 urte betetzen dira; egun zehatza, baina, hurrengo larunbata da, maiatzaren lehena. Zirkuitu horretan hil zen, eta, hura hil eta hurrengo urtean goitik behera aldatu bazuten ere, zirkuitu zahar hark zeukan abiadura txispa galduz joan da, besteekiko berezitasunik apenas duen beste pista arrunt bat gehiago bilakatuta. Gainera, aurten zirkuituek ematen ez duten erakargarritasuna gidarien artean ezin bilatu, ez dagoelako.Horregatik du meritu bikoitza Jenson Buttonen lehen pole-ak. Batetik, guztien joko arau berdinekin gainditu dituelako aurkariak, argi eta garbi. Erregaiaren kopurua misterioa bada ere, beste ororekin bezala, lortutakoa nabarmentzekoa da. Eta, bestetik, Ferrariren nagusitasunaren etxean, Scuderia-ren etxean bertan, halako ausardia erakustea zailagoa da. Ez Ferrarik etxean korritzen duelako, Italiako taldeakzirkuitu horretan bertan neguan eginiko proban eman zuelako jauzi kuantitatiboa. Eta bat-batean, Button, lotsagabe, pole-aren jabe.

Zaila Buttonek lasterketan maila bera ematea

Zalantzazkoa da oraindik BAR-Honda taldeak halako egoerari urte osoan eusteko nahiko baliabide eta jakituria ba ote duen, eta are zailagoa dena; lasterketan maila bera manten dezakeen ala ez. Azken hau izango da zailena, hortxe baitira maisu Schumacher eta Barrichello. Brasildarra atzeraxeago sailkatu zen (laugarren), baina Michael Schumacher parean izango du Buttonek eta hura arriskuaren sinonimoa da. Munduko txapeldunak duen puntu aldearekin posible da arriskatzeko moduan izatea eta lehen lerrotik aterako diren bien arteko lehia polita izan daiteke.

Lehia urrunetik ikusiko dutenak Raikkonen eta Fisichella dira. McLareneko bikoaren denboraldi beltzak ez du amaierarik, eta atzo motorra aldatzea erabaki zuten, irteera lerroko sailkatze proban parte hartzeari uko eginez. Azken lerrotik aterako da Fisichellarekin batera.Italiarra lan txukuna egiteko moduan zen, baina segundo bateko zigorra ezarri zioten goizean, eta nahiago izan zuen denborarik ez markatu. Raikkonenen kasuan, aurreratze politak eskainiko dizkie ikusleei, baina berea ez da posturik onena oraindik lasterketarik amaitu ez duen titulurako hautagai batentzat. Dagoeneko amets hori galdua behar du.Williams autoak beti ondo moldatu izan dira Italiako zirkuituan, baina zerbait lortzeko zuzpertze bat behar dute, pizgarriren bat. Autoa ondo doala dirudi, baina ez du nahiko abiadura. Lasterketan gora egiten duen taldea izanda, Juan Pablo Montoya ezin da baztertu, ondo kokatuta irtengo baita. Haren helburua Schumacherren aurretik amaitzea da, haren laugarren garaipena (jarraian) eragozteko. Oso lan zaila izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.