Mirariak Lourdesen

Bartzelonak gaur-gaurkoz Baskonia baino askoz talde hobea dela erakutsi du, eta aise irabazi die gasteiztarrei Kopako finalerdianBaskoniak 15 falta bakarrik egin ditu, eta erraztasun asko eman Navarrori: 26 puntu

Andoni Urbistondo.
Madril
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Zaila zen, eta ezinezko bilakatuzen. Bartzelonak agerian utzi du Baskoniaren gaur egungo ahultasuna, eta muturreko handi samarra emanda lortu du final handirako txartela. 19 puntukoa izan zen aldea partida bukaeran, baina Bartzelonak 25. minuturako hautsi zuen norgehiagoka. Baliabide asko eta onak jarriz jokoan, eta Kataluniako taldeak ohikoa duen defentsa zorrotza eginez. 11 puntura mugatu zuten Baskoniaren erasoko jarduna lehen erasoan, eta 13ra hirugarrenean, eta horrelakoak gertatzen direnean, fedea eduki, errezatu, edo Lourdesera joan beste erremediorik ez da geratzen.

Lehen 10 minutukoan abisua eman zuen Bartzelonak, eta 10-12 puntuko zuloa ireki aitaren batean. Gasteiz, Araba eta Euskal Herriko beste txoko askotatik etorritako ehunka zaleren itxaropena ito zuen Navarrok, bere hasiera onarekin, eta Bartzelonak, bere defentsa onarekin. Sei puntu sartu zituen Baskoniak lehen zortzi minututan, eta ez ziren gutxi izan burua jaitsi eta buelta gogorrean pentsatzen jarri zirenak. Baikorrenak Baskoniaren izaera famatuaren esperoan geratu ziren, taldeak hain azkar ezin zuela belaunikatu jakitun. 4.000 zaleri halako desilusioa eragitea ez zela posible.

Eta asmatu egin zuten. Baskonia esnatu egin zelako. Inork gutxi espero zuen jokalarien eskutik, gainera. David Logan gaua eta eguna bezalakoa da. Jokalari puska da, barneraketetan oso iaioa, eta jaurtiketan ere trebea. Mila kritika egin dakizkioke bere defentsarako jarrera txarrari, bere unean uneko zabarkeriari, baina 12 puntu saskiratu zituen bata bestearen atzetik. Navarro bera ere ernagarazi zuen, eta Bartzelonako eskoltak mendekua hartu zuen bigarren zatian. Beste jokalaria Nemanja Bjelica izan zen. Noraezean dabilen Teletovicen ordez kantxaratu zuen Ivanovicek, eta serbiarrak bi biko eta hiruko bat saskiratu zituen.

Ondorioa, Baskonia partidan sartu zela berriro, eta 34na berdindu zuela partida. Galduta zegoen dena, edo ia dena, eta oharkabean, partidan sartu ziren arabarrak. Bartzelonak alde txikia zeukan atsedenaldian, hiru puntukoa, baina itxaropena bizirik mantentzen zen. Gauzak diren bezala, hori kontuan hartzekoa da parean zein zegoen ikusita.

Navarro egurrean

Hiru bat minutuz eutsi zion Baskoniak aldageletatik bueltan, baina ondoren txantxak bukatu zirela erabaki zuen Bartzelonak, eta Navarroren zirkua hasi. Zirkua, zentzu onean, han ikusten direlako antzezpen onenak, baina baita zentzu txarrean ere, bere imintzio eta keinuekin aurkaria eta zaleak berotu baitzituen. Kontua, ordea 26 puntu saskiratu zituela da, eta dantzan ibili zuela Baskonia. Navarro ona delako, baina ezin zaiolako hain defentsa txarra egin. Baskoniak 92 puntu jaso zituen, eta 15 falta bakarrik egin. Datu horrek Baskoniak hitzordu garrantzitsuetan izan beharreko intentsitatearen arrastorik ez zuela eduki erakusten du.

Baskoniaren jardunean, nabarmentzeko kontu gutxi. Baracen partida onak (15 puntu eta 8 errebote), Batistaren lan txarrean eduki zuen kontrapuntua: zortzi puntu, sei partida erabakita zegoenean. Neurria eman ez zutenen artean, San Emeterio eta Teletovic. Huertas ere motzean lotu zuen Bartzelonak. Bi jokalarik min hartuta bukatu zuten, gainera. Pau Ribasek lesio serioa izan dezake orkatilan, eta Loganek eskumuturrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.