Partida bat jokatu, eta galdu. Top 16a hasi, eta berehala iritsi zaie garaipen premia Gescrap Bizkaiari eta Unicajari: Miribillan galtzaile denak ia ezinezko izango duelako 0-2ko balantze txarrari buelta eman eta final-laurdenak jokatzeko aukerari eustea; besteak beste, Euroligako bigarren fasea jokatzeko geratuko diren lau partidak irabazi beharko lituzkeelako.
Pentsatzekoa da Gescrap egoera eta behar horren jakitun dela. Zaleen epelean jokatuko duelako, eta bere buruko indarra astebete atzera zena baino hobea delako. Ligako azken hiru partidetan uzta oparoa bildu du, eta Kopatik kanpo geratu bada ere, zortzi onenengana hurbildu da; hori da bere bizileku naturala. Egoera on horri Top 16ko borroka gehitzea baino ezer hoberik ez dago.
Panorama ez da txarra. Sienak Madrilen jokatuko du gauean, eta, diotenez, bere lehen partida galduko du. Gescrapekin berdinduta legoke, Bilbokoek Unicaja menderatuko balute. Hirugarren jardunaldiak ikusgarria, erabakigarria, izateko aukera handia du, Bizkaiak Madrilen jokatuko baitu. Sienak, aldiz, etxean, Unicajaren aurka, Malagakoek irabazteko behar handia dutela. Zenbaki horiek, ordea, hurrengo astera begirako aurreikuspen hutsak dira, eta ez dute batere baliorik izango Gescrap gaur galtzen badu.
Marko Banic eta Fotis Katsikaris itxaropentsu mintzatu dira, baina zuhur, aldi berean: «Irabazten duenak lasaitasuna lortuko du, eta ez da gutxi. Galtzen duenak, aldiz, akabo ia-ia», esan du kapitainak. Hain ohikoak izan diren txakalaldiak gero eta laburragoak direla iritzi dio: «Sienan lehen zati ona egin genuen, baina bigarrena ahazteko modukoa izan zen. Erregulartasuna lortzen ari gara pixkanaka, eta txakalaldiak gero eta laburragoak dira». Etxean jokatzearen garrantzia azpimarratu zuen atzo Katsikarisek. «Top 16an ezinbestekoa da zaleen babesa, eta sei partidako ligan ez dago huts egiteko aukerarik». Gakoa «Valters eta Fitch gelditzea» izango dela uste du entrenatzaileak.
Banicek partidaren balantza desoreka dezakeen hutsuneaz ere hitz egin zuen. Izan ere, Unicajako jokalari onenak, Joel Freelandek, ez du jokatuko gaur, orain hamar egun orkatila bihurritu baitzuen. «Saskibaloian ohikoak dira lesioak, guk ere izan ditugu, eta orain haien zorte txarra baliatu behar dugu. Freeland haien ikurra da, harentzat jokatzen dute ia beti, eta garbi dago haren falta nabaritzen ari direla». Ez alferrik, Ingalaterrako pibotak hamabost puntu eta zortzi errebote lortu ditu, batez beste, lehen ligaxkan. Bilbotarrei dagokienez, Blumsek ez duela jokatuko argitu zuen atzo Katsikarisek.
Dardem ere jokatu ezinik
Malagako taldea ahuldadeak jota iritsiko da Bilbora. Iraganaren zamarekin nahikoa neke ez, eta kolpe handia jaso zuen joan den asteazkenean, Nikola Mirotic Real Madrileko jokalariaren erruz. Nahi eta ezin dabil Unicaja azken sasoietan. Dirua bai, sobera, erronka potoloei ekiteko, baina urtez urte uztarik bildu gabe urtzen diren kirol proiektuak dira. Denboraldi honetan beste itxura bat ematen ari zen Chus Mateoren taldea, sendoagoa, baina nahikoa izan da Top 16ko lehen partida jokatzea iraganeko mamuak bueltatzeko. 80-81 irabazi zion Real Madrilek, modu mingarrienean: azken segundoan.
Nikola Mirotic izan zen saskiratze horren egilea, eta jota geratu ziren jokalariak. Hain jota, 48 ordu geroago, penagarri aritu ziren Manresan, eta astindu handi samarra hartu zuten: 86-68. Agerian geratu zen taldea ahul zegoela fedez, borrokarako grinarik gabe, eta entrenatzailearen aginduak betetzeko gogorik gabe. Gaur beste jarrera batekin kantxaratu beharko lukete, baina bi kolpe handik eragindako oinazea ez da bizpahiru egunetan ahazten.
Chus Mateo entrenatzaileak damutzeko astirik ez dutela esan du atarikoan: «Ez gaude gure onenean, bistakoa da, baina ez dago negar egiteko astirik, zorionez. Arazo fisiko franko ditugu, Freelandek eta Dardemek dituztenez gain. Baina buruko ahuldade horri buelta emateko aukera moduan hartuko dugu Bilboko partida». Mateok bere erroetara eraman zuen ura Real Madrilen aurkako porrota gogoratu zuenean: «Galdu egin genuen, bai, baina puntu bakarragatik, eta azken segundoan. Norgehiagoka irabazteko meritu nahiko egin genuen, eta ondo egindako gauzak errepikatzen saiatuko gara, garaipenaren arrastoan ibiltzeko».
GESCRAP BIZKAIA-UNICAJA
Txapelketa. Euroligako Top16ko F multzoko bigarren jardunaldia.
Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Fisher, Vasileiadis, Grimau, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis, Hampl, Samb eta D'Or Fischer.
Unicaja. EJ Rowland, Payne, Fitch, Berni Rodriguez, Peric, Garbajosa, Zoric, Lima eta Sinanovic.
Sailkapena. Gescrap multzoko azkena da: 0-1 (-14); Unicaja, aldiz, 3. dago: 0-1 (-1).
Lekua. Bilbo Arena (8.600 ikusle).
Ordua. 20.30 (ETB 1).
Multzoko beste partida. Real Madril-Montepaschi Siena (gaur, 20:00).
Miroticen biharamuna
Unicajak kolpe handia hartu zuen gaur zortzi, azken unean Real Madrilen aurka galduta, eta oraindik ez dio buelta emanGescrapek konfiantza berreskuratu du ligan, jarraian lortu dituen hiru garaipenei esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu