Duela astebete Monakoko kaleetan horrenbeste gertaera eta gero, gaurko Europako Sari Nagusiak lasaiagoa izateko itxura dauka. Zirkuitua ez da hain bihurria eta duela bi urte egin zizkioten aldaketek ez dute aparteko ezer aldatu. Pista toki paregabean da, etaautoa puntuan jartzea zailtzen duten gorabehera oso interesgarriak ditu. Betidanik ondo egokitu zaie McLaren autoei , edo agian McLarenak izan dira ondo egokitu direnak.
Aurten ere denborek halako zerbait erakusten dute, gutxitan izan baita McLaren auto bat denbora zerrenden lehen postuetan. Urte osoan Malaysian bakarrik gertatu zen, bigarren saio librean, nahiz eta gero hango lasterketan ez zuten ezer lortu. Baina Europako Sari Nagusian, azken urteetan legez Nurburbringen korritzen dena, McLaren-Mercedes taldearen etxean korritzen da, Alemanian, eta akuilu horrekin motore garapen berria izan ohi dute.Urrunago joan gabe, iaz Kimi Raikkonen lasterketa buruan zen eroso, bapatean motoreak huts egin zion arte. Gogoratu beharra dago Raikonennenek iaz bigarren postuan amaitu zuela denboraldia, Schumacherrengandik puntu eskasera. Eta hala ere, garaipen bakarra erdietsi zuen, Malaysian hain zuzen. Hortaz, Nurburbringen motoreak traizio egin izan ez balio, denboraldiko bigarren garaipena zatekeen. Zerbait behar du izan zirkuituak, McLaren autoek horren ondo erantzuteko. Mika Hakkinenek ere baitaki zer den bertan irabaztea.
Schumacher anaiak hizpide
Monakon ez zen Schumacherrik izan helmugan. Baina batak zein besteak eman zuen zeresanik, izan ere biek ala biek istripuak izan zituzten. Bi kasuetan arazoa itxita dago, eta FIAk lasterketa batean gerta daitezkeen istilu normalen artean sartu ditu. Baina protagonistek atzera begira jarraitzen dute eta ez dute gaia ahaztu nahi. Fernando Alonsok ahotik galdu du azkenaldian gidatzeko erabili behar lukeen indar asko, eta Ralf Schumacher zigor dezaten eskatzen ari da behin eta berriro. Williamseko gidariak, aldiz, lasaitasunez erantzun die salaketei, bakoitzaren dotorezia maila agerian utziz.
Michael Schumacher lasterketaz kanpo utzi zuen istripuaz, aldiz, Schumacher berada gaia lurperatu nahi ez duena. Haren esanetan, mementuan ez zion garrantzia gehiegirik eman Montoya zigortu ez izanari, baina ondorengo egunetan kosta egin omen zaio FIAren aldetik izandako jokaera ulertzea.Monakon ezertaz kexatu ziren gidari guztiek aukera izango dute Nurburbringen pista gainean hitz egiteko. Europako Sari Nagusi honek Malaysiakoaren antza izan dezake, Ferrarik gertuago izan baititzake aurkariak. Dena den zaila izango da beste Monako bat ikustea, autoen arteko diferentziak zabaldu egiten direlako handik kanpora. Lehen autoa Ferrari dela inork ezbaian jartzen ez badu ere, bigarren onena, edo best of the rest deritzona jokoan dago; Renault, BAR edo Williams. Zeinek eragotziko dio Ferrariri garaipena?
Monako atzean utzi nahi du
Montekarlon gertatutakoa ahaztu nahi du Michael Schumacherrek gaur, Europako Sari Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu