Ezustean harrapatu zuen denbora monitoreak Jenson Button bera ere; Q2an erregai gutxirekin baino denbora hobea egin zuen erregaiez beteta Q3an. Haren alboan ziren Raikkonen eta Barrichello. Ferrarikoa ia ahozabalka, lehen lerroan sailkatzea ohikoa eta aspergarria balitz bezala. Baina lehen aldiz azaldu zen atzo prentsa aretoan. Barrichello aldiz, triste, atzo ere bere onena eman zuelako, baina ez delako gailentzen.
Sailkatze saioa zirraragarria izan zen. Lehen galbahean, bi Toyota autoak, bi BMW autoak eta Hamilton joan ziren kalera. Sailkapena atzekoz aurrera zegoela zirudien. Force Indiaren bi autoak Q2ra pasatu ziren, merezimendu osoz, gainera. Monakok mekanika fineko autoak eta gidariak saritzen ditu, eta Q1a horren argazki deigarria izan zen atzo.
Sasoi honetan, benetako lehian dauden guztiak, ordea, Q3an izan ziren. Dagoeneko goian bizitzera ohitu diren BrawnGP autoak, Red Bull... eta Ferrari. Italiarrek erreakzionatu egin dutela dirudi, eta Raikkonen hortxe sartu zuten, bigarren. Oso serio aritu zen atzo finlandiarra, motibazio berrituarekin balebil bezala. Agian, pistan onena eman zuelako, erdi lotan zirudien prentsaurrekoan.
Lo hartu ez zuena, eta urteko laugarren pole-a egin zuena, Jenson Button izan zen. Hemen beste inon baino garrantzitsuagoa da lehen postutik ateratzea, eta horregatik lasterketaren erdia atzo irabazi zuen Brawnekoak. Lehen bihurgunea ere postu horretan igaroz gero, aukerak %80ra igoko liratekeela esan daiteke. Beste edozein zirkuitotan, Raikkonen eta bere KERSa lerrokide izatea beldurtzeko arrazoi litzateke. Baina Monakon, irteera zuzengunea hain da laburra, KERSa erabiltzeko metrorik ez zaio geratzen.
Button pozik zen atzo. Eta ez bakarrik lehena aterako delako, baizik eta aurkari nagusiak, Sebastian Vettelek, saio zaila izan zuelako. Guztien artean arinena aterako da Vettel gaur -631,5 kg-, baina horrela ere laugarren bakarrik izan zen atzo. Buttonek eta Barrichellok Raikkonen baino erregai gehiago izango dute. Buttonek bere izena onenen alboan idatz dezake gaur. Asko dauka irabazita.
Monakon, mundua alderantziz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu