Frantziako Tourra

Moncoutie frantsesak irabazi du 11. etapa

Cofidis taldeko David Moncoutie izan da Tourreko 11. etaparen irabazlea. Eraso asko egon dira etapa hasieran eta haietako batean sartu da Moncoutie. Ihesaldian Euskaltel-Euskadiko Egoi Martinez eta Fassa-Bortoloko Jose Antonio Flecha txirrindulariak sartu dira. Etapa azkeneko kilometroetan zegoela, Moncoutiek erasoa jo eta helmugarako falta ziren zortzi kilometroak bakarrik egin ditu. Martinez eta Flecha bi minutu eta 17 segundora sartu dira.

2004ko uztailaren 15a
17:37
Entzun
Frantziako Tourraren etapa, bigarren aldiz jarraian, frantses batek irabazi du. Virenqueren atzoko erakustaldiaren ondoren, David Moncoutie izan da irabazlea gaur. Moncoutieren atzetik Fassako Jose Antonio Flecha eta Euskalteleko Egoi Martinez sartu dira hurrenez-hurren, irabazlearen bi minutu eta 37 segundora.

Moncoutie hasierako kilometroetan egondako eraso batean sartu da Martinez eta Flecharekin batera, erasoa ihesaldi bihurtu da azkenean. Ihes egindako hirukotea elkarrekin mantendu da azkeneko 10 kilometroak arte, orduan Flechak erasoa jo du baina beste biek harrapatu egin dute. Erasoaren ondorengo lasai unea aprobetxatu eta eraso azkarra jo du Moncoutiek. Flechak eta Martinezek ez dute kontraerasorik jo eta Moncoutiek tarte handia hartu du. Azkenean bakar-bakarrik sartu da Moncoutie helmugan. Bere atzetik Flecha eta Martinez sartu dira bi minutu eta 37 segundora, tropelak aldiz, bost minutu eta 59 segundoko atzerapenarekin amaitu du etapa.

Ez da lidergoan aldaketarik egon eta, seigarren egunez,Brioche La Boulangerie taldeko Thomas Voeckler txirrindulariak lidergoan jarraitzen du. Tropela elkarturik sartu da helmugara eta ez da egon sailkapen nagusian aldaketa garrantzitsurik.

Bitxikeriak ere izan ditu gaurko etapak, izan ere, sei zezenek San Ferminak bukatu direla ahaztu eta errepidean korritzen ibili dira tropelaren abiadura moteltzera behartuz. Zorionez, entzierro txiki honetan zezenek ez dute inor harrapatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.