Futbola

Montanier: "Triste samar nago, giza abentura baten amaiera delako"

Agurreko prentsaurrekoan, Realeko entrenatzaileak eskerrak eman dizkie jokalariei, laguntzaileei, medikuei, itzalean lanean aritu diren guztiei, Jokin Aperribai presidenteari, Lorenzo Juarros 'Loren' kirol zuzendariari eta zaleei.

unai zubeldia
2013ko ekainaren 3a
12:43
Entzun

"Talde honek etorkizun bikaina eta indar handia dauka". Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak hunkituta, tristura puntu batekin eta harro eman du agurreko prentsaurrekoa. "Triste samar nago, giza abentura baten amaiera delako". Jokalariei, laguntzaileei, medikuei, itzalean lanean aritu diren guztiei, Jokin Aperribai presidenteari, Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariari eta zaleei eskerrak ematearekin batera, argi azaldu du zergatik hartu duen Reala uzteko erabakia. "Bi proposamen neuzkan: bata, urtebetekoa eta Txapeldunen Ligan aritzeko aukera ematen zidana; bestea, hiru urtekoa. Eskertzen dut Realaren eskaintza, baina pertsonalki nahiago dut epe ertaineko proiektu bat. Erabakia profesionala izan da". Frantziarra ez da hasi eztabaidan. "Garrantzitsuena ez da proposamena noiz jasotzen duzun. Realarekin hitz egitea izan zen lehen pausoa".

"Entrenatzaileok ezin dugu eduki dena. Realarekin Txapeldunen Liga ezin dudala jokatu da nire desabantaila". Zale askoren kritikak entzun behar izan ditu Montanierrek bi urteotan. "Baina desberdina izan da pertzepzioa eta kalean bizi izan dudana. Animo oihu asko entzun dut kalean". Broma giroan amaitu du azalpena. "Momenturik txarrenetan ere, pintxo potera joan izan naiz sarritan". Bi urteotan lagun asko egin dituela onartu du. "Eta etorkizunean etorriko naiz berriz ere Donostiara eta Gipuzkoara, emaztearekin. Harreman hori ez da aldatuko".

Egungo Realaren egoeran "erru pixka bat" badaukala adierazi du, umil, baina "beste erronka bati ekitea" lehenetsi du. "Espainiako Liga da munduko onena, baina Frantziakoak bere maila berreskuratzea espero dut". Ez du uste udan jokalari bakar batek ere taldea utziko duenik. "Eta etorkizun bikaina dauka talde honek", adierazi du behin eta berriz. "Bide onean da taldea, hazten jarraituko du, eta arrakasta hau Europan berrestea espero dut". Frantziarra ez da gai izan momentu jakin bat aukeratzeko. "Hainbeste egon dira... Zaila da bakar bat aukeratzea". Denboraldian askotan egin duen moduan, esku artean izan duen jokalari taldea goratu du. "Jokalarien talentuagatik eta euren arteko laguntasunagatik sartu gara Txapeldunen Ligan". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.