Helmuga arrastoa begien bistan duelarik hartuko du Realak, gaur, txapelketako talderik eskasena: Racing. Helmuga zeharkatzea, ez du beste helbururik, eta, horretarako, hiru puntuak negoziaezinak dira. Hartara, mailari eusteko txartela patrikan luke, beste zelaietako emaitzen baitan egon gabe, hiru jardunaldiren faltan, eta Philippe Montanierrek hurrengo egunean bertan jar lezake hori kirol zuzendarien mahai gainean bere aldeko argudiorik sendoena balitz bezala.
Hiru neurketaren faltan helburua ziurtatua izatea ez da Realak harrotasunez esan ahal izan duena azken hamarkadan. 1998-1999 denboraldiaz geroztik, Bernd Kraussen bigarren urtetik hona, bitan baino ez da egon lasai antzean sasoi honetarako: bata, txapeldunorde izan zenean, 2003an; eta bestea, Jose Mari Amorrorturen eskutik, 2005ean, liga amaitzeko bost asteren buruan mailari eutsi zionean. Gainontzeko zazpi denboraldietan azken-aurreko jardunaldian hartu zuen arnasa sakon, edo azken une arte sufritu zuen, eta pilatutako puntuen batez bestekoak ez du 43ko marra gainditzen. Bistan da joerak ezin daitezkeela besterik gabe hautsi eta prozesu bakoitzak bere denbora eskatzen duela.
Hala ere, Montanierrek badaki, Realeko zale guztiek bezalaxe, bere postua oraintxe zalantzaz betea dagoela, klub barrutik zabaldutako mezuek puztua neurri handienean, eta badaki sasoia nola amaitzen den aldeko edo kontrako iritzi gehiago izango dituela erabakiguneetan. Jokalariek, behinik behin, ez lukete ulertuko entrenatzailea kargutik kentzea denboraldia amaitzearekin bat, eta babesa adierazi nahiko diote zelai barruan beste behin.
Haren hitzetatik ezin da ondorioztatu garbi zer tresna erabiliko dituen Racingi azken kolpea emateko. Baina, jakinik hiruzpalau aldaketa egiten dituela neurketako, horietako bat Mikel Gonzalezen itzulera izango da ziur, Demidov zigortuaren tokian. Litekeena da Illarramendi eta Griezmann hasieratik aritzea ere. Mutrikuarrak Aranbururen lekukoa hartuko luke zelai erdian, eta Maçonekoak, entrenatzaileak zer nahi duen, Agirretxe edo Prietoren ordez jokatuko luke. Nekez imajina liteke Velarik gabeko hamaikakorik oraintxe bertan, mexikarra ari baita izaten bigarren itzuliko futbolaririk erabakigarriena. Etxetik kanpo erabiltzen duen formula berreskuratuz gero, donostiarrak ziurtatua luke tokia. Gainera, aspaldiko unerik gozoenean da. Anoetako jarraibideari eusten badio, berriz, usurbildarrak jokatuko du aurre-aurrean beste behin. Aurrez Anoetan jokaturiko hamazazpi neurketetatik behin baino ez da eseri aulkian Agirretxe: Real Madrilen aurkakoan izan zen.
Racing, deseginda
Jota zelairatuko da Kantabriako hiriburuko taldea Anoetan, eta ez hainbeste zelai barruko egoera latzagatik: klubaren iraupena bera kinka larrian da. Atera kontuak, hortaz.
Txapelketari oker ekin zion Racingek Hector Cuperren aginduetara. Lehen partida 11. jardunaldian irabazi zuen, eta, ondoren, ez Juanjo Gonzalezek, ez Alvaro Cerverak ez dute lortu egoera gaiztoa zuzentzea. Bigarren itzuliko zenbakiak beldurgarriak dira: hamar partida galdu ditu eta sei berdindu. Irabaztea ezinezkoa zaio. Realari dagokio azkena ematea. Batzuek eutsiko badiote, beste batzuk jaitsi behar. Ondotxo dakite hori bi taldeetako hainbat jokalarik.
Montanierren lehen bala
Gaur Anoetan Racingi irabazita, Realak eutsi egingo dio mailari, eta sasoiko helburua bete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu