Gescrap Bizkaia. Jackson (11), Blums (12), Mumbru (15), Fischer (9), Banic (12) —hasierako bostekoa—; Fisher (6), Mavroeidis (3), Hervelle (2), Raul Lopez (11), Grimau (6) eta Vasileiadis (10).
SLUC Nancy. Linehan (8), Amagou (7), Shuler (19), Moerman (16), Akingbala (9) —hasierako bostekoa—; Grant (6), Sylla (2), Badiane (4) eta Samnick (4).
Markagailua. 22-22, 40-39 (atsedenaldian); 69-62 eta 97-75.
Epaileak. Lottermoser, Dozai eta Lucis. Fischer eta Badiane kanporatu zituzten, elkar jotzeagatik (34. min.), eta Moerman faltengatik (39. min.).
Bestelakoak. 8.500 ikusle Miribillan.
Arrastoan jarraitzen du, Top 16ko erronkari tinko begiratuz, baina jokoak eta jarrerak zalantza asko eragiten ditu. Gescrap Bizkaiak gaixotasun pare bat ditu, larriak, eta horiek sendatu ezinik jarraitzen du. Ondorioa, partidak erruleta baten parekoak bihurtzen direla, eta aurkariak kalitate apur bat erakusten badu, akabo. Defentsako jarrera epela eta erasoan egiten diren opariak dira arazoak. Non geratu da bizkaitarrek pasa den sasoi bukaeran erakutsitako intentsitatea, grina, aurkariek saskiratzeko bidea oztopatzekoan gosea? Ez dago, eta ez da atzoko kontua.
Hamaikagarren aldiz errepikatuta ere, ez da aitzakia. Euroligan ez dago talde txarrik, ezta jokalari herrenik, baina Nancy bezalako talde batek ezin du aurrekontuan bikoizten duen taldea hainbeste arazotan sartu. Azkarrak direla? Bai. Trantsizioan maisuak? Bai. Baina estutzen ez bazaie, zaila dirudiena erraz egiten du edozeinek. Gescrapek ume txikiak eskolan hasten direnean egiten dituzten akatsak egin zituen. Erasoko errebotea bilatu, bilatu behar da, baina ez aurkariaren kontraerasoa erraztearen truke. Bospasei alditan errepikatu zen jokaldia: Akingbalak errebotea irabazi, baloia joko antolatzaileari, eta hegaletan, Moerman eta Shulerrek hirukoa. Ernegatzeraino.
Irtenbide oro bilatu zuen Katsikarisek, baina ez zuen asmatu, zonakako defentsa agindu zuelako tarteka. Azkar egin zuen atzera, Nancyko Grantek eraso jokaldi bateko seigarren segundoan hiruko bat saskiratuta. Defentsako indarra eraso joko onaren baitan egoten omen da, eta hala da. Bizkaia oso baldar aritu zelako erasoan. Hamabi baloi eman zituen lehen zatian, eta batzuk zenbaitzuei bizkarreko batzuk emateko modukoak. Aulkira ekarri, eta 'hi, zertan ari haiz?' esateko modukoak.
Nancyk txaloak merezi ditu, inork espero gabeko tenplea erakutsi zutelako Nicolas Batumek taldea utzita ere. Denek zioten, genion, Nancy hutsaren hurrengoa zela Portlandeko izarra gabe, eta bistan da iritzi hori ezeztatzeko intentzioarekin etorri zirela Bilbora. Moermanek lau hiruko on saskiratu zituen, eta Bilbotik oso urrun ez dagoen talde batentzat oso fitxaketa interesgarria izan litekeela erakutsi. Akingbalak ere hankapean ibili zituen parean jarri zizkioten guztiak: Banic eta D'Or Fischer aurrena, eta Mavroeidis eta Hervelle gero. Blokeoa eta jarraipenean maisua, saskipean ere nahiko ondo mugitzen da, eta intentsitatean ere ez da erraza nigeriarra gainditzea. Altubez bestaldekoentzat beste oharra.
Bizkaiak eraman zuen partidako agintea ia beti, baina ezin ihes egin. Bospasei puntuko aldea lortu, eta frantziarrak berehala berriro gainean. Hirugarren laurden bukaerara arte. D'Or Fischerren bi jokaldiri esker 68-60 egin zuen hanka etxeko taldeak, eta Akingbalaren azken ahalegin zintzoa Badiane eta D'Or Fischerren borroka itsusiak ito zuen. Falta teknikoak han eta hemen, puntu bateko jaurtiketa festa, keinu zatarrak, eta garaipena eta puntu aldea bilbotarrentzat. Motel eta epel jokatuta ere.
Gescrap Bizkaia 97. SLUC Nancy 75
Motel eta epel, arazoak nonahi
Nancy garaitu arren, justu samar segitzen du Gescrapek; baldar aritu da defentsan, eta hamazazpi baloi oparitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu