Motoreak berotzeko

Espainiako Kopako finala jokatu aurretik mailari eutsi gura dio Athleticek, eta gaur Betisi irabazi behar dio horretarako

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Denboraldi eta egoera normal batean Betisen aurkako partidak interesa izango luke Caparrosentzat. Kantuak esaten duen moduan «hil arte Sevillako zalea» baita teknikari zuri-gorria. Betisen aurkako partidak, beraz, bereziak dira harentzat. Hiru puntu baino gehiago izaten du jokoan. Manuel Ruiz de Loperaren taldeari irabazten dion bakoitzean areagotu egiten da Caparrosen jarraitzaileen zerrenda. «Ruiz de Lopera zelaian Betisen aurka jokatzea egokitzen zaidan bakoitzean, hamabirekin jokatzen du nik zuzentzen dudan taldeak. Zeruan dagoen gure aitak ere gurekin jokatzen du». Athleticek etxean jokatuko du, baina Caparrosek errepikatzen duen esaldiak nahiko argi erakusten du zenbateko garrantzia duten Betisen aurkako partidek teknikariarentzat.

Baina futbolean sarri askotan esan ohi da sekula ez direla neurketa bi berdinak izaten. Arrazoi batzuk edo beste tarteko, ezberdinak izaten dira bi talderen arteko norgehiagokak: jokalarien sasoiak, lesioak, zigorrak, teknikarien estrategiak, harmailetako giroak, futbol-zelaiaren egoerak... gauza askok baldintza dezakete neurketa bat. Aipatu berri zerrendan taldeen egoera ere sar daiteke. Betisek estu eta larri bisitatuko du San Mames. Puntu premiarekin. Athleticek baino lau gutxiago ditu. Alde txikia dago bi taldeen artean. Baina Liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan aldea ikaragarria da. Lasaitasunaren eta urduritasunaren artean dagoen aldea, hain zuzen ere.

Caparrosek zuzendutako talde batek Betisi infernurako beste kolpe bat emateak sekulako balioa izango luke Sevilla taldeko zaleen artean. Teknikariari zale talde bat egiteko adinakoa. Sevillako futbol zaleak horrelakoak dira. Baina gaurkoan sekulako oparia egin diezaioke Athleticeko entrenatzaileak bere aurkari zuzenenari. Kopako finala dela eta ez dela, Bartzelonaren aurka ariko direnei atsedena emango die teknikariak: Iraola, Orbaiz, Llorente, Yeste eta enparauak harmailetan egongo dira -finala hasieratik jokatuko duten jokalarietatik David Lopez izan daiteke berdegunean egongo den bakarra-. Euren lekuan txapelketa hasi zenetik gutxi jokatu duten futbolariek jokatuko dute. Horrek bere alde ona dauka. Zelaian egongo direnek ez dute Kopan pentsatuko, eta futbol gosea dutela erakutsiko dute. «Niretzat garrantzitsua da jokatzea. Betisen aurka aukera ona daukat futbolean jokatzen ahaztu ez zaidala erakusteko», esan zuen Gurpegik. Andosillako jokalariak taldean izan duen eta oraindik daukan garrantzia kontuan hartuta, komenigarria da lerro arteko irakurketa egitea. Lehen taldeko hamabi jokalarik pentsatzen dutena jakiten lagunduko luke. Bestalde, Betisen aurka jokatuko dutenek badakite ez dutela lekurik izango Kopako finaleko hasierako hamaikakoan, baina aulkian egoteko lehiatuko dira. Zorionez, finalean hemezortzi lagun egon daitezke.

Baina gutxi jokatzen duten futbolari asko zelairatzeak badu bere alde txarra. Gogoa eta joko ona egiteko ahalegina egin arren, erritmoa ez duten futbolarien eta astero jokatzen dutenen arteko aldea berehala ikusten da. Gaur ere nabarmena izango da.

Baina Caparrosek argi ditu gauzak. Ondo egindakoa ezin da aldatu. Teknikariak badaki Athletic lehiakorra izateko fisikoki %100ean egon behar dela. Sportingen eta Sevillaren aurka jokatutako kanporaketek erakutsi zioten bidea. Partida horiei aurre egiteko Ligan atsedena eman zien futbolari onenei. Almeriaren eta Sevillaren kontra jokatutako ligako neurketak bota egin zituen. Gaur Betisen aurka egingo duen gauza berbera egin zuen. Aurreko apustu biek arrakasta izan zuten Kopan. Ligan, berriz, ez. Bi neurketak galdu zituen Athleticek. Ikusi egin beharko da zer gertatuko den hirugarrenean.

Ikuskizun desatsegina, agian

Athleticentzat garrantzitsuak dira jokoan dauden puntuak. 41 punturekin salbatuta dagoela esan daiteke. Azken hiru sailkatuek denboraldi osoan egin ez dutena egin beharko dute kopuru horretara ailegatzeko. Horrek ez du esan gura egiteko gai ez direnik. Beraz, Gurpegi, Armando eta Muñoz beteranoek, eta Boveda, Goñi eta gainerako gazteek aukera ona dute zaleen aurrean zer egiteko gai diren erakusteko. Motibatuta zelairatzeko arrazoi bat baino gehiago dutela, alegia.

Inork ez du ezbaian ipiniko jokalarien profesionaltasuna. Baina Caparrosek bezala zaleek ere bigarren mailan lagatzen badute gaurko neurketa ikuskizun desatseginaren atarian egon gaitezke. Kopa jokatu aurreko omenaldia San Mamesen izango da, baina bihar. Gaur jokatu egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.