Baskonia abiadura hartzen hasi da, eta partida apropos bi ditu aste honetan ez mantsotzeko, taldea are gehiago fintzeko: Asseco Prokom gaur Polonian, eta Fuenlabrada heldu den igandean Gasteizen. Jokalariek hilabete inguru daramate elkarrekin, Rancik iritsi berriak izan ezik, eta horrek beste itxura bat eman dio Dusko Ivanovicek zuzendutako taldeari. Piezak gero eta egokituago daude, eta motorra, ondo olioztatuta. Batzuetan gorabeherak baldin badaude ere. Maccabiren aurkako azken laurdena eta Granadan jokatutako lehen hogei minutuak, egoera horren erakusle.
Assecok ere antzeko txakalaldiren bat izateko aukera emango dio Baskoniari, ez delako lehen mailako taldea, baina 40 minutuko partida ona egiten badu, hobeto. Bigarren garaipena eta multzoko lidergoa arabarrenak lirateke, eta gailurretik, politagoa da bista. Zer gehiago eska dakioke aldaketari aldaketa egin dion taldeari urrian? Barac erregularragoa izatea, Teletovicek defentsa lanean ahalegin handixeagoa egitea, Bjelicak Granadan emandako aurrerapausoa kasualitatea ez izatea eta Ribasek Baskoniaren kanpoko lerroa are arriskutsuago egitea. Dagoeneko oso arriskutsua delako.
Baskoniak beldurra ematen duen kanpoko lerroa dauka. Teletovic fin dago, eta asmatzen ari den neurrian, segi dezala hirukoak egiten. Zer esan Logan eta Oleson bikote estatubatuarraren inguruan. Olesonek ahaztuta du iragan sasoiko miseria, eta sasoitsu dagoen neurrian ari da erantzuten. Adi Loganekin gaur, azken bi denboraldietan Asseco Prokomen jokatu duelako eta partida ona jokatu nahiko duelako Europako elitera eraman duen kantxan. San Emeterio ere bereak eta bi egiten ari da lehen hilabetean. Datu bakarra, hori baieztatzeko. ACB ligako jokalari baloratuena da hegalekoa, eta urriko jokalari onenaren izendapena lortzeko bidean da. Baracek ere aukera ona du hazten jarraitzeko. Bi partida on egin ditu jarraian, Maccabi eta Granadaren aurka, eta hirugarren partida txukun batek kemena emango lioke.
Gdynian asko dago jokoan. Lehen faseak espero den bilakaera baldin badu, lehia estua izango dute Belgradeko Partizanek eta Prokomek A multzoko laugarren postua eskuratzeko. Baskonia eta Maccabirentzat izango dira lehen bi postuak teorian, Errusiako Khimkik ere bi horiei ustekabekoren bat emateko lehengaia baldin badu ere. Bosgarrena kanpoan geratuko da, eta hori da Poloniako taldearen borroka: Top16 faserako sailkatzea.
Final-laurdenetako langa
Prokomek hazkuntza pausatuaren aldeko apustua egin du. Talde ahulenen multzoa atzean utzi eta maila ertaineko taldeekin lehiatzen hasi da. Milioi euro asko inbertitu gabe, talde politak osatu ditu azken urteetan, eta joan den urtean oso Euroliga ona osatu zuen. Final-laurdenetako kanporaketa jokatu zuen Olympiakosen aurka, eta greziarrak beldurtu zituen Qyntel Woods, Logan eta Daniel Ewingen eskutik. Prokom 2-1 hurbildu zen kanporaketan, hirugarren partida irabazi ostean, baina Kleizak, Childressek eta enparauek ez zieten binakoa lortzeko aukerarik eman. Prokomek Moskuko CSKA, Real Madril eta Unicaja menderatu ditu etxean Euroligan, eta aurrekari horiek aintzat hartzea komeni da.
Logan gabe, Prokomek nahiko talde polita egin du denboraldi honetan. Ewing eta Mike Wilks dira joko antolatzaileak. Estatubatuarrak dira biak, eta jokalari arriskutsua da Ewing, saskiratzaile petoa. Eskolta postuan J. R. Gibbens eta Filip Videnov aritzen dira. Gibbensek partida bikaina jokatu zuen astebete atzera, lehen jardunaldian, Khimkiren aurkako porrotan: hogei puntu eta hamar errebote lortu zituen. Videnov bulgariarra, berriz, ACB ligan aritutakoa da.
Saskipean ere jokalari ezagunak ditu Poloniako taldeak: Ratko Varda serbiarra da horietako bat, 2,13k metroko morroskoa. Vardak hamazazpi puntu lortu zituen joan den astean. Varda bera baino handiagoak dira Adam Lapeta etxeko mutila (2,17 metro) eta Jan-Hendrik Jagla hegalekoa (2,14 metro). Jaglak denboraldi bi egin zituen DKV Joventuten. Tomas Pacesas lituaniarra da Prokomeko entrenatzailea.
PROKOM-BASKONIA
Txapelketa. Euroligako lehen ligaxkako A multzoko bigarren jardunaldia.
Asseco Prokom. Wilks,Ewing, Kitzinger, Videnov, J. R. Gibbens, Burrell, Szczotka, Witka, Hrycaniuk, Kostrzewsky, Jagla, Lapeta eta Varda.
Caja Laboral Baskonia. Logan, Huertas, Ribas, Oleson, Ander Garcia, San Emeterio, Martin Buesa, Teletovic, Rancik, Musli eta Barac.
Sailkapena. Baskonia liderra da: 1-0 (+16). Asseco Prokom laugarren da: 0-1 (-6).
Lekua. Gdynia Sports Arena (5.000 ikusle).
Ordua. 19:45 (ETB1).
Multzoko beste partidak. Gaur, Partizan-Khimki (20:45); eta bihar, Maccabi-Zalgiris (21:00).
Motorra fintzeko beste aukera bat
Baskoniak ezin du kale egin gaur Polonian, Prokomen aurkako partidek zehaztu dezaketelako sailkapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu